Esango deutsue zer egin behar dozun.
Egun hareetan, Saulok, artean Jaunaren ikasleen aurka heriotza-mehatxua eriola, abade nagusiagana joan eta Damaskoko sinagogetarako gutunak eskatu eutsozan, aurkitzen zituan kristau-bidearen jarraitzaileak, gizon eta emakume, Jerusalemera preso ekarri ahal izateko.
Damaskorantz joiala, uritik hur, bat-batean zerutiko argi batek disdiraz inguratu eban. Lurrera jausi zan eta berba hau entzun eban: «Saulo, Saulo, zergaitik pertsegitzen nozu?» «Nor zaitut, Jauna?», itaundu eban Saulok. Eta Harek: «Jesus naz, zuk pertsegitzen dozuna. Orain, jagi eta sartu urian; han esango deutsue zer egin behar dozun».
Haren bidelagunak txundituta gelditu ziran, ahotsa entzuten eben-eta, baina inor ikusten ez. Saulo lurretik jagi zan eta, begiak zabalik zituan arren, ez eban ezer ere ikusten. Eskutik hartuta eroan eben Damaskora, eta hiru egun emon zituan han itsu, ezer jan eta edan barik.
Bazan Damaskon Ananias izeneko ikasle bat. Jaunak ikuskari batean dei egin eutsan: «Ananias!» «Hona hemen ni, Jauna!», erantzun eutsan harek. Jaunak esan eutsan: «Zoaz Kale Zuzenera, Judasen etxera, eta itaundu egizu Tarsoko Saulo dalakoaz. Otoitzean dihardu eta Ananias izeneko gizon bat ikusi dau etxean sartzen eta eskuak gainean ezarten, barriro ikusmena hartu dagian».
Ananiasek erantzun eutsan: «Jauna, askori entzun deutsat zenbat kalte egin deutsen gizon horrek zure fededunei Jerusalemen, eta hemen bertan ere badau aginpidea, abade nagusiak emona, zure izenari dei egiten deutsoen guztiak atxilotzeko». Jaunak erantzun eutsan: «Zoaz, neure zerbitzurako aukeratu dot-eta gizon hori, bai jentilei eta hareen erregeei, bai israeldarrei, nire izena adierazo deien. Neuk agertuko deutsat zenbat sufridu beharko dauan nire izenagaitik».
Joan zan, bada, Ananias eta, etxean sarturik, eskuak ezarri eutsozan gainean Saulori eta esan eutsan: «Saulo anaia, Jaunak, bidean zentozala agertu jatzun Jesusek, bialdu nau, barriro ikusi dagizun eta Espiritu Santuaz bete zaitezan». Bat-batean ezkata lako batzuk jausi jakozan begietatik, eta ikusten hasi zan barriro. Berehala, bateatu egin eben. Gero, jan eta indarrak barritu jakozan.
Saulo Damaskoko ikasleekin gelditu zan egun batzuetan. Gero, sinagogetan predikatzen hasi zan, Jesus Jainkoaren Semea dala iragarriz. Entzule guztiak txundituta gelditzen ziran eta inoen: Ez al da, ba, hau Jerusalemen Jesusen izenari dei egiten deutsoenak amorru biziz pertsegitzen zituana? Eta ez al da etorri hona, hemengoak ere atxilotu eta abadeburuakana eroateko?
Saulo, ostera, gero eta kementsuago agertzen zan eta nahasturik izten zituan Damaskoko juduak, argi frogatzen eban-eta Jesus Mesias zala.
R/ Zoaze mundu guztira, eta iragarri Barri Ona.
Goratu egizue Jauna, atzerri guztiak,
goretsi egizue, herri guztiak. R/.
Sendotu da-eta gugan bere maitasuna,
eta beti-betiko da Haren leialtasuna. R/.
Zoaze mundu guztira, eta iragarri Barriona.
Aldi haretan, Jesus Hamaikei agertu jaken, eta esan eutsen: «Zoaze mundu guztira eta iragarri Barriona izaki guztiei. Sinestu eta bateatzen dana salbatu egingo da; sinesten ez dauana, barriz, kondenatu. Sinesten dabenek seinale honeek izango dabez lagun: nire izenean deabruak botako dabez, hizkuntza barrietan berba egingo dabe, sugeak eskuetan hartuko dabez eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez deutse kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko deutseez eta osatu egingo dira».