Ninivetarrak euren bide okerretik bihurtu ziran.
Jaunak barriro berba egin eutsan Jonasi eta esan eutsan: «Ea, zoaz Ninive uri handira, eta iragarri egizu han Nik emoten deutsudan mezua».
Ninivera joan zan Jonas, Jaunak agindu eutsan lez. Ninive uri izugarri handia zan; hiru eguneko bidea eban alderik alde. Sartu zan Jonas urian eta egun bateko bidea egin eban, mezu hau iragarriz: «Berrogei egunen buruan, Ninive birrindua izango da».
Sinestu eutsoen ninivetarrek Jainkoari eta barau-deia zabaldu eben, eta danak, handi eta txiki, dolu-jantziz estaldu ziran.
Ikusi eban Jainkoak ninivetarrek egin ebena eta euren bide okerretatik bihurtu zirala, eta damutu egin zan hareei egindako mehatxuaz, eta ez eban bete.
R/ Erakutsi niri, Jauna, zeure bideak.
V/.
Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,
erakutsi zeure bidezidorrak.
Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,
Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.
V/.
Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna,
betidanikoak dira-eta.
Gogoratu nitaz zeure maitasunean,
zeure ontasunari dagokionez, Jauna. R/.
V/.
Ona eta zuzena da Jauna,
bidea erakusten deutse pekatariei.
Apalak zuzenbidez daroaz,
bere bidea erakusten deutse apalei. R/.
Iheskorra da mundu honetako irudia.
Senideok: Epea laburtu egin dala dinotsuet. Beraz, gelditzen jakun denboran, ezkonduak bizi beitez ezkondurik ez balegoz lez; negar dagitenak, negar egingo ez balebe lez; pozik dagozanak, pozik ez balegoz lez; erosten dabenak, ezer ez baleuke lez, eta mundu honetako gauzez baliatzen diranak, baliatuko ez balira lez; izan ere, mundu hau, oraingo bere itxuran, desagertzear dago.
R/. Aleluia. V/. Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak: bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.
Bihozbarritu zaiteze eta sinestu barri ona.
Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan zan eta Jainkoaren Barriona iragarten eban. Honan esaten eban: «Betea da sasoia, eta hur da Jainkoaren erregetza. Bihozbarritu zaiteze eta sinestu Barriona».
Jesusek, Galileako itsasbazterretik igarotean, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituan sareak uretara botaten, arrantzaleak ziran-eta. Jesusek esan eutsen: «Zatoze Nigaz, eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek bat-batean sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
Aurreratxoago, Santiago eta honen anaia Joan, Zebedeoren semeak, ikusi zituan; sareak konpontzen ziharduen euren ontzian. Ikusi baizen laster, dei egin eutsen Jesusek. Hareek, euren aita Zebedeo mutilekin ontzian itzirik, Jesusen ondoren joan ziran.