Kristo alkargo hobearen bitarteko egin da.
Senideok: Orain, Jesusek kultu-zerbitzu bikainagoa lortu dau, itun hobearen, agintzari hobeetan oinarrituta dagoan itunaren bitarteko dan ezkero. Izan ere, lehenengo ituna akatsik bakoa izan balitz, ez legokean bigarren batentzat lekurik. Baina Jainkoak hasarre egiten deutse antzinakoei, esanez:
«Hara, badator dino Jaunak
Israel herriagaz eta Juda herriagaz
itun barria egingo dodan sasoia.
Ez da izango,
Egiptotik atarateko eskutik hartu nituanean
euren asabekin egin nebana lakoa.
Hareek hautsi egin eben nire ituna,
eta Nik ere bazterrean itzi nituan dino Jaunak.
Hona hemen etorkizunean
Israelegaz egingo dodan ituna dino Jaunak:
Buruan ezarriko deutsedaz neure legeak
eta bihotzean idatziko.
Hareen Jainko izango naz Ni
eta hareek nire herri.
Ez dabe alkarri irakatsi beharrik izango,
"Ezagutu Jauna" esanez,
guztiek, txiki nahiz handi,
ezagutuko nabe-eta dino Jaunak;
parkatu egiten deutset-eta euren gaiztakeria,
eta hareen pekaturik ez dot gehiago gogoratuko»
Jainkoak, itun barria aitatzean, lehenengoa zahartutzat emoten dau, eta zaharkiturik dagoana desagertzear dago.
R/ Onginahiak eta leialtasunak alkarren bidera urtengo dabe.
Jauna, zure onginahia erakutsi egiguzu,
zure salbamena emon egiguzu.
Hurrean dabe Haren bildur diranek salbamena:
Gure lurrean Haren aintza biziko da. R/.
Onginahiak eta leialtasunak alkarren bidera urtengo dabe,
zuzentasuna eta bakea laztanka biziko dira.
Lurretik erneko da leialtasuna,
zerutik begira egongo leialtasuna. R/.
Jainkoak ona dana emongo dau,
gure lurrak bere uzta ekarriko dau.
Zuzentasuna ibiliko da Haren aurrean,
eta salbamena Haren urratsen bidean. R/.