Jesu Kristok opariak behin betiko eskeini zituan, bere burua eskeiniz.
Senideok: Jesusek betiko salbau daikez beraren bidez Jainkoagana hurreratzen diranak, bizirik dago-eta beti hareen alde erregutzeko.
Benetan, Jesus lango abade nagusia behar genduan guk: santu, errubarik eta kutsubakoa, pekatariakandik bereizia eta zeruak baino gorago jasoa. Honek ez dau, beste abadeek lez, lehenengo bere pekatuakaitik eta gero herriarenakaitik egunero opariak eskeini beharrik, behin betiko egin eban-eta hori, bere burua opari eskeini ebanean. Legeak, izan ere, gizon ahulak izendatzen ditu abade nagusi; legea baino geroago etorria dan Jainkoaren zin-berbak, ostera, Semea izendatu dau abade nagusi, bete-betea betiko.
Hau da esaten dihardugunaren gailurra: hain handia da gure abade nagusia, ezen Jainko handiaren eskumaldean jesarria dago-eta zeruetan, eta bere abade-zerbitzua Jainkoak egindako santutegian beteten dau, eta ez gizakiek egindako itun-etxolan.
Edozein abade nagusi emoitzak eta opariak eskeintzeko jarria dagoanez, Jesusek ere zeredozer eskeini behar eban. Lur honetan balego, Jesus ez litzateke abade ere izango, hor dagoz-eta Legearen arabera opariak eskeintzen dabezan abadeak. Honeen zerbitzua, ostera, zeruko gauzen irudi eta kerizpe besterik ez da, Jainkoak Moisesi, etxola egitekoan, adierazo eutsanaren arabera: «Izan arreta esan eutsan Jaunak dana mendian erakutsi jatzun ereduaren arabera egiteko».
Baina, orain, Jesusek kultu-zerbitzu bikainagoa sortu dau, itun hobearen, agintzari hobeetan oinarrituta dagoan itunaren bitarteko dan ezkero.
R/ Iragarri Jaunaren heriotza, Bera etorri artean.
Zuk ez dozu sakrifizio eta eskeintzarik gura izan,
ez erre-opari eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;
baina belarriak edegi deustazuz.
Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.
Hau dago nitaz liburuan idatzita:
egin dagidala zure nahia.
Atsegin dot, ene Jainko:
barru-muinetan daukot zure legea. R/.
Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,
ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna.
Poztu eta alaitu bediz Zugaz
zure bila dabilzanak;
«Handia da Jauna» esan begie beti
zure salbamena maite dabenek. R/.
Honan inoen oihuka espiritu lohiek: «Zu Jainkoaren Semea zara». Eta Jesusek zorrotz agindu eutsen ez agertzeko Bera nor zan.
Aldi haretan, Jesus itsasbazterrera joan zan bere ikasleekin. Galileatik etorritako jentetza handiak jarraitu eutsan. Eta, Berak egiten zituanak entzunik, Judea, Jerusalem eta Idumeatik, Jordanez bestaldetik eta Tiro eta Sidon aldetik bere jentetza handia batu jakon. Jesusek txalupea prest edukiteko agindu eutsen ikasleei, hainbeste jenteren artean zapaldu ez egien.
Izan ere, asko zituan osatutakoak, eta gaitzen bat eben guztiak gainera etorkiozan, ikutu guran. Espiritu gaiztoek, ikusten ebeneko, haren oinetara jausi eta oihuka esaten eutsoen: «Zu Jainkoaren Semea zara». Harek, ostera, zorrotz agintzen eutsen, ez egiela ezagutzera emon.