Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko II. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
Fabian eta Sebastian martiriak (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Abade zara zu betierean, Melkisedeken sailean.

Senideok: Melkisedek Salemeko errege eta goi-goiko Jainkoaren abade zan. Bidera urten eutsan Abrahami, erregeak garaitu ondoren itzulbidetik etorrela, eta bedeinkatu egin eban.

Abrahamek guduan harrapatutako guztiaren hamarrenak emon eutsazan. Alde batetik, Melkisedek izenak «Justizi errege» esan gura dau eta, bestetik, Salemeko errege zan, hau da, «Bake-errege». Liburu Santuan ez da aitatzen haren aitarik, ez amarik, ez jatorririk, ez jaiotzarik, ez heriotzarik; holan, Jainkoaren Semearen antzeko egina, abade dirau betiko.

Eta oraindino argiago da hori, baldin eta beste abade bat sortzen bada Melkisedeken antzera, hau da, ez giza jaiotzaren legez abade egina, desegin ezin dan biziaren indarrari esker baino. Izan ere, honan autortzen dau Liburu Santuak:

«Abade zara Zu betiko,

Melkisedeken antzera».

R/ Abade zara Zu, Melkisedek bezala, betiko.

V/. Hona Jaunak nire jaunari esana:

«Jesarri nire eskuman,

zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.

V/. Siondik zabaltzen dau Jaunak

zure errege-makilaren aginpidea;

menperatu egizuz guduan arerioak. R/.

V/. Zu nagusi garaipen-egunean

santutasun-distiraz;

gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik. R/.

V/. Zin egin dau Jaunak eta ez da damutuko:

«Abade zara Zu, Melkisedek bezala, betiko». R/.

Zapatuz zer da zilegi: bizia salbatzea ala hilten iztea?

Aldi haretan, Jesus sinagogan sartu zan barriro. Bazan han besoa elbarri eban gizon bat. Zelatan egokiozan zapatuz osatzen ete eban, zertan salatuko ebilzan-eta.

Jesusek beso-elbarriari esan eutsan: «Jagi eta zatoz hona erdira».

Eta besteei esan eutsen: «Zapatuz zer da zilegi, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala kentzea?» Hareek, ostera, isilik. Jesusek, ingurukoei hasarre begiraturik eta euren setakeriaz mindurik, esan eutsan gizonari: «Luzatu beso hori». Harek luzatu eban, eta osatu egin jakon.

Handik urten orduko, fariseuek Herodesen alderdikoekin alkar hartu eben Jesusen kontra, Ha zelan galduko.