Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko II. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Eskeini jakun itxaropena, aingurea baizen sendoa eta ziurra dogu.

Senideok: Jainkoa ez da zuzenbakoa eta ez dau ahazten zuek egin dozuena, ezta, lehen eta orain fededunak zerbituz, beraren izenari agertu deutsazuen maitasuna ere. Hauxe nahi genduke, halan ere: guztiok azkeneraino erakutsi dagizuela orain arte izan dozuen ardura bera, zuen itxaropena bete-betea izatera heldu daiten; ez zaitezela nagi bihurtu, euren fedeaz eta iraupenaz Jainkoaren agintzariak jasoten diharduenen antzeko baino.

Jainkoak, Abrahami agintzaria egin eutsanean, bere buruagaitik egin eban zin, ez eban-eta Bera baino handiagorik zin egiteko. Hau esan eutsan: «Bai, oparo bedeinkatuko zaitut eta neurri barik ugarituko». Eta, eroapenez itxaron ondoren, eskuratu egin eban Abrahamek agindu jakona. Gizakiek, eurak baino handiago dan norbaitegaitik egiten dabe zin, eta zin eginez erabagiten dabe edozein eztabaida.

Horra zergaitik, Jainkoak ere, agindutako ondasunak hartuko ebezanei bere asmoa aldatu ezina zala erakutsi nahirik, zin-hitzez lotu eban bere burua. Beraz, gauza bi doguz Jainkoaren asmoa aldatu ezina dala adierazoten deuskuenak: agintzaria eta zin-hitza —eta horreetan Jainkoak ez daike guzurrik esan—; horreetan oinarriturik, adorez beteak sentitzen gara aurrean dogun itxaropenari eusteko. Itxaropen hau dogu geure bizitzaren aingura sendo eta segurua, zeruko santutegiaren barruraino sartzen dana; han sartu zan-eta Jesus gugaitik aurrelari lez, Melkisedeken antzera behin betiko abade nagusi egina.

R/ Gogoan dau beti Jaunak bere ituna.

V/.

Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak Jaunari,

zintzoekin batera batzarrean alkarturik.

Jaunak eginak handi dira,

gogoko dabezan guztientzat aztergai. R/.

V/.

Bere mirariak gogoangarri egin ditu;

errukiorra da Jauna eta bihozbera.

Begirune deutsoenei janaria emon deutse,

gogoan dau beti bere ituna. R/.

V/.

Askatasuna emon deutsa bere herriari,

betiko ezarri dau bere ituna,

santua eta bildurgarria da haren izena.

Betiko dirau Jaunaren gorespenak. R/.

Gizakiarentzat egina da zapatua, eta ez gizakia zapatuarentzat.

Behin batean, zapatuz gari-soloetan zehar joian Jesus. Eta ikasleak bide batez galburuak mozten hasi ziran. Fariseuek esan eutsoen Jesusi: «Zelan dihardue egiten, zapatuz zilegi ez dana?»

Harek erantzun: «Ez al dozue inoiz irakurri zer egin eban Davidek beharraldi batean, bera eta bere lagunak goseak aurkitu ziranean? Zelan, Abiatar abade nagusi zala, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskeiniriko ogiak jan zituan, legez abadeek bakarrik jan eikeezanak, eta zelan bere lagunei ere emon eutsen?»

Eta esan eutsen: «Zapatua gizakiarentzat egin eban Jainkoak, ez gizakia zapatuarentzat. Beraz, Gizonaren Semea zapatuaren beraren nagusi da».