Semea izanik ere, bere neke artean ikasi eban esaneko izaten.
Abade nagusia gizonen artetik hartua eta Jainkoaren aurrean gizon-emakumeen ordezkari izateko jarria izaten da, pekatuakaitik emoitzak eta opariak eskeintzeko.
Badaki ezjakin eta okerbideratuez errukitzen, bera ere giza makaltasunez inguratuta dagoan ezkero. Horregaitik, bere pekatuakaitik ere opariak eskeini behar ditu, herriaren pekatuakaitik lez. Eta ezin dau inork abade nagusigoaren ohorea beretzat hartu, Jainkoak deiturik ez bada, Aaron lez.
Holan, Kristok ere ez eutsan Berak emon bere buruari abade nagusiaren ospea, Jainkoak baino, honan berba egin eutsan-eta:
«Nire Seme zara Zu,
gaur zaitut Nik sortu».
Beste salmo batean ere hau esaten deutso:
«Abade zara Zu betiko,
Melkisedeken antzera».
Kristok, bere giza bizitzaldian, deiadar handiz eta negarrez egin eutsan otoitz eta erregu heriotzatik askatu eikean Jainkoari, eta entzun egin eutsan bere begiruneagaitik. Eta Semea izanik ere, oinazearen oinazez ikasi eban obeditzen; holan, bere betera heldurik, betiko salbamenaren iturri bihurtu zan obeditzen deutsoen guztientzat, abade nagusi izendatu eban-eta Jainkoak, Melkisedeken antzera.
R/ Abade zara Zu, Melkisedek bezala, betiko.
V/. Hona Jaunak nire jaunari esana:
«Jesarri nire eskuman,
zeure arerioak oinazpian jartzen deutsudazan bitartean». R/.
V/. Siondik zabaltzen dau Jaunak
zure errege-makilaren aginpidea;
menperatu egizuz guduan arerioak. R/.
V/. Zu nagusi garaipen-egunean
santutasun-distiraz;
gaztetasun-iruntza datorkizu egunsentiaren altzotik. R/.
V/. Zin egin dau Jaunak eta ez da damutuko:
«Abade zara Zu, Melkisedek bezala, betiko». R/.
Senar barria eurakaz dabe.
Aldi haretan, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna eben. Jesusegana joan eta esan eutsoen: «Zelan egiten dabe barau Joanen ikasleek eta fariseuek, eta zure ikasleek ez?
Jesusek erantzun eutsen: «Ezteguetara deituek egin ete daikee barau, senar-barria eurekin dabela? Senar-barria eurekin daben bitartean, ezin daikee baraurik egin. Etorriko jake, bai, senar-barria kenduko deutseen eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau.
Inork ez deutso jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki barriak jantzi zaharra behartu, eta zarratadea handiago egiten da. Ez dau inork ardo barririk ere sartzen zahagi zaharretan; ardoak zahagiak lehertu egingo leukez eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardo barria zahagi barrietan».