Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko I. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna B zikloa I urtea
🔍 Bilatu

Goazen uste osoz graziaren aulkira.

Bizia da Jainkoaren berbea, bizia eta eraginkorra, aho biko ezpatea baino sarkorragoa: arima eta espirituaren sakoneraino sartzen da, pertsonaren zokorik ezkutueneraino, eta barruko pentsamentu eta asmoak aztertzen ditu. Ez da harentzat munduan ezer ikusiezinik; dana dago biluzik eta agirian, kontuak emon beharko deutsaguzan haren begietan.

Gure abade nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dogun ezkero, eutsi deiogun autortzen dogun sinesmenari; izan ere, gure abade nagusia ez da gure ahuleriaz erruki ez daitekean norbait, bera ere, gu lez, gauza guztietan probatua izan da-eta, pekatuan izan ezik. Hurreratu gaitezan, bada, konfiantza osoz Jainkoaren graziaren tronura, errukia heldu eta preminaldian laguntza izan dagigun.

R/ Zure berbak, Jauna, espiritu eta bizi dira.

Jaunaren legea bikain, barrua berbizteko,

Jaunak iragarria sendo, ezikasiak eskolatzeko.

Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren asegarri,

Jaunaren aginduak garbi, begien argi. R/.

Jaunaren bildurra garbi, iraungarri betiko,

Jaunaren erabagiak egia, guztiak osorik bidezko.

Nire ahoko berba eta bihotzeko gogoetak

atsegingarri izan bediz zure aurrean,

Jauna, ene harkaitz eta salbatzailea. R/.

Ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino.

Aldi haretan, Jesusek itsaso aldera urten eban barriro. Jente guztia Beragana joakon, eta irakasten hasi jaken. Bidez joiala, Levi Alfeorena ikusi eban, zergak batzeko mahaian jesarrita, eta esan eutsan: «Jarraitu Niri». Levik zutitu eta jarraitu egin eutsan.

Geroago, Jesus mahaian egoan Leviren etxean; bazan beste zergalari eta pekatari asko ere Jesusegaz eta honen ikasleekin mahaian; izan ere, asko joakozan ondoren.

Fariseu lege-maisu batzuek, pekatari eta zergalariekaz jaten ziharduala ikustean, esan eutseen ikasleei: «Zelan jaten dau zergalari eta pekatariekin?»

Hori entzutean, Jesusek esan eutsen: «Ez dabe osasundunek behar osagilea, gaixoek baino; ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino».