Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Eguberrialdiko Asteguna (urtarrilaren 9a)

Eguberrialdia Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Alkar maite badogu, Jainkoa gugaz dago.

Seme-alaba maiteok: Jainkoak gu hain maite izan bagaitu, guk ere maitatu behar dogu alkar. Jainkoa ez dau inork inoiz ikusi. Alkar maite badogu, Jainkoa gugan dago, eta haren maitasuna bere betera heldu da gugan. Guk badakigu Haregan gagozana eta Ha gugan, eta hori, bere Espiritutik emon deuskulako. Guk ikusi dogu eta autortzen Aitak bere Semea bialdu ebala munduaren salbatzaile. Norbaitek autortzen badau Jesus Jainkoaren Semea dala, Jainkoak haregan dirau, eta harek Jainkoagan. Guk ezagutu dogu eta sinestu Jainkoak deuskun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauana Jainkoagan dago eta Jainkoa haregan. Hau da maitasuna gugan bere betera heldu dan seinalea: konfiantza osoa dogula auzi-egunerako, Kristo dan lakoak gara-eta mundu honetan. Maitasunean ez da bildurrik; maitasun beteak kendu egiten dau bildurra, bildurrak zigorra dau-eta gogoan; bildur dana ez da heldu maitasun betera.

R/ Ahuspez gurtuko zaitue, Jauna, atzerri guztiek.

Ene Jainko, emoiozu zeure zuzentasuna erregeari,

zeure justizia erregearen semeari.

Gobernatu begi zure herria justiziaz,

zure errukarriak zuzenbidez. R/.

Ekarri begioez opariak

Tarsisko eta uharteetako erregeek,

ordaindu zergak Sabako eta Sebako erregeek.

Agurtu begie ahuspezturik errege guztiek,

izan bediz menpeko nazino guztiak. R/.

Berak libratuko dau oihuka diharduan behartsua,

nork lagundurik ez dauan errukarria.

Erruki izango deutse gizajo eta behartsuei,

bizia salbatuko pobreei. R/.

Ur gainean ebilela ikusi eben

Bost mila gizonak ase ondoren, Jesusek bere ikasleak ontzian sartuazo eta bere aurretik bestaldera, Betsaidarantz, joateko agindu eutsen, Berak jenteari agur egin bitartean. Jentea bialdu ondoren, mendira joan zan, otoitz egitera.

Ilundu ebanean, ontzia itsaso erdian zan, eta Jesus lehorrean, bakarrik. Ikasleak arraunean nekez ziharduela ikusirik, haizea kontra eben-eta, goiz aldera hareekana joan zan ur gainean oinez. harei aurrea hartu guran lez. Ikasleek ur gainean ibilten ikusi ebenean, mamua zalakoan, deadarka hasi ziran; danek ikusi eben eta guztiz izutu ziran. Baina Jesusek bat-batean berba egin eutsen: «Izan bihotz! Neu naz; ez izan bildurrik!» Ontzira igon eban eta haizea gelditu egin zan.

Zeharo harriturik gelditu ziran, ez eben-eta ulertu ogiekin jazotakoa, adimena itsu eben-eta.