Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Eguberrialdiko Asteguna (urtarrilaren 8a)

Eguberrialdia Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Jainkoa maitasuna da.

Seme-alaba maiteok: Maitatu dagigun alkar, maitasuna Jainkoagandik datorrelako, eta maite dauan guztia Jainkoagandik jaioa da eta ezagutzen dau Jainkoa. Maite ez dauanak ez dau ezagutzen Jainkoa, Jainkoa maitasuna da-eta. Jainkoak deuskun maitasuna honetan agertu zan: Jainkoak bere Seme bakarra bialdu ebala lurrera, gu haren bidez bizi gaitezan. Honetan datza maitasuna: ez guk Jainkoa maite izatean, Harek gu maite izatean baino, eta bere Semea gure pekatuen parkamen-oparitzat bialdu izatean.

R/ Ahuspez gurtuko zaitue, Jauna, atzerri guztiek.

Emoiozu, Jainko, zure auzia erregeari,

zure zuzentasuna errege-semeari.

Zaindu begi zure herria zuzentasunez,

eta zure gizajoak zuzenbidez. R/.

Mendiek ekarri deioela herriari bakea,

eta muinoek zuzenbidea.

Herriko apalak babestu begiz,

salbau behartsuen seme-alabak. R/.

Zuzentasuna garatuko da haren egunetan,

bakea ugari iretargia amatau artean.

Nagusi izan bedi itsasotik itsasoraino,

Ibaitik lehor-mugaraino. R/.

Ogiak ugaritzean, Jesusek bere burua profeta agertzen dau.

Aldi haretan, Jesusek jentetza handia ikusi eban; erruki izan zituan, artzainik bako ardiak lez ziralako, eta irakasten hasi jaken luze eta zabal.

Berandu egin zan-eta, ikasleak hurreratu jakozan, esanez: «Leku bazterra da hau eta oso berandu da. Bialdu egizuz, inguruko baserri eta auzoetara joan eta jatekoa erosi dagien». Jesusek erantzun eutsen: «Emoiezue zeuek jaten». Hareek, orduan: «Berrehun denarioren ogiak erostera joango al gara, bada, honeei jaten emoteko?» Jesusek esan eutsen: «Zenbat ogi dozue? Zoaze ikustera». Ikusi eta esan eutsoen: «Bost, eta arrain bi ere bai».

Orduan, jente guztia bedar gainean taldeka jesarriazoteko agindu eutsen. Ehunaka eta berrogeita hamarnaka jesarri ziran. Jesusek, bost ogiak eta arrain biak hartu eta, begiak zerura jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, jenteari banatzeko; arrain biak ere jente guztiaren artean banatu zituan. Asetzeraino jan eben danek, eta ogi eta arrainen hondarrekin hamabi otzara bete batu ebezan. Bost mila gizon ziran jan ebenak.