Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Tomas Becket gotzaina eta martiria

Eguberrialdia Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Bere senidea maite dauana argitan dago.

Seme-alaba maiteok: Jainkoa ezagutzen dogula honetatik dakigu: haren aginduak gordetetik. «Nik ezagutzen dot Jainkoa» esan, eta haren aginduak beteten ez dituana guzurtia da, eta holakoagan ez dago egia. Haren berbea beteten dauanagan, barriz, Jainkoaren maitasuna bere betera heldu da egiaz. Holan dakigu Haregan gagozala. Jainkoagan dagoala dinoenak jokatu ere Jesusek lez jokatu behar dau.

Ene maiteok, ez deutsuet agindu barririk idazten, antzinako agindua baino, hasiera-hasieratik izan dozuena. Antzinako agindu hori entzun dozuen berbea da. Holan ere, agindu barria idazten deutsuet, eta hori egia da bai Kristogan, bai zuekan; izan ere ilunpea badoa, eta egiazko argiak disdiratzen dau harrezkero. Argitan dagoala esan eta senidea gorroto dauana oraindino ilunpetan dago. Senidea maite dauana, ostera, argitan dago, eta ez dau ezerk jausiazoten Baina senidea gorroto dauana ilunpetan dago eta ilunpetan dabil; ez daki nora doan, ilunpeak itsutu deutsoz-eta begiak.

R/ Poztu bedi ortzia, alaitu lurra.

Kanta Jaunari kantu barri;

kanta, lur osoa, Jaunari.

Kanta Jaunari, bedeinkatu haren izena;

iragarri egunez egun haregandiko salbamena. R/.

Zabaldu haren ospea atzerrietan,

haren mirariak herri guztietan.

Handi da-eta Jauna, eta guztiz goresgarri,

jainko guztien aldean itzalgarri. R/.

Irudi huts dira atzerriko jainko guztiak,

Jaunak, ostera, zeruak egin ditu.

Disdira eta edertasuna dira haren aurrean,

indarra eta argia haren jauretxean. R/.

Atzerria argitzeko argia.

Moisesen Legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea heldu jakonean, gurasoek Jerusalemera eroan eben Jesus, Jaunari aurkezteko. [Izan ere, honan dago aginduta Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko jakoz». Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskeini behar eben: «Usapal bi edota usakume bi».

Bazan Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain egoana. Espiritu Santua beragaz eban, eta aditzera emon eutsan ez zala hilgo Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zan.

Gurasoek Legeak agintzen ebana beteteko Jesus umea tenpluan sartzean, hartu eban Simeonek umea besoetan eta Jainkoa bedeinkatu eban, esanez:

«Orain itzi daikezu, Jauna,

zeure morroi hau bakean hilten,

Zeuk agindu zenduan lez.

Ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbamena,

herri guztien aurrean Zuk aurkeztua:

Nazinoak argitzeko argia

eta zure herri Israelen ospea».

Umearen aitamak harriturik egozan umeagaitik esaten ziranakin. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituan, eta umearen ama Mariari esan eutsan:«Begira, hau israeldar asko jausteko eta beste asko jagiteko ipinita dago; eztabaida sortzen dauan ezaugarri izango da, holan bihotz askotako asmoak agirian gelditu daitezan. Eta zeuri ezpata batek aldez alde zulatuko deutsu arimea».