Jesusen odolak pekatu guztitik garbitzen gaitu.
Senide maiteok:
Hona hemen Jesu Kristogandik entzun dogun mezua
eta zuei iragarten deutsueguna:
Jainkoa argia da
eta Haregan ez da ezelako ilunik.
Haregaz alkartasunean bizi gareala esan
eta ilunpetan baldin bagabilz,
guzurra dinogu
eta ez dogu egiaren eraz egiten.
Baina argitan bagabilz,
alkartasuna dogu batak besteagaz
eta haren Seme Jesusen odolak
pekatu guztitik garbitzen gaitu.
Pekaturik ez dogula esaten badogu,
geure burua engainatzen dogu
eta egia ez dago gugan.
Geure pekatuak autortzen badoguz, ostera,
leiala eta zuzena dan Jainkoak
parkatuko deuskuz pekatuak
eta gaiztakeria guztitik garbituko gaitu.
Pekaturik ez dogula egin esaten badogu,
guzurti egiten dogu Bera,
eta haren mezua ez dago gugan.
Ene seme-alabok, pekaturik egin ez dagizuen
idazten deutsuet hau.
Halan ere, norbaitek pekatu egiten badau,
badogu laguntzailea Aitaren aurrean,
zuzena dan Jesu Kristo.
Harek bere burua eskeini eban
gure pekatuen parkamenerako;
eta ez gureen parkamenerako bakarrik,
baita mundu guztikoen parkamenerako ere.
R/ Txoria ehiztarien saretik bezala gara libratu.
V/.
Jauna gure alde egon ez balitz,
arerioek, gure aurka jagitzean,
bizirik iruntsiko ginduezan,
hasarre-sutan egozan-eta gure kontra. R/.
V/.
Urek iruntsiko ginduezan,
uholdeak hondoratuko;
ur indartsuek ginduezan hondoratuko. R/.
V/.
Hausi da sarea, eta gu libre geratu.
Gure laguntza Jaunaren izena,
zeru-lurren egilearena. R/.
Herodesek haur guztiak hilazo ebazan Belemen.
Magoek alde egitean, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan Joseri, eta esan eutsan: Jagi, hartu umea eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora, eta egon han nik esan arte, Herodes umea hil nahian ibiliko da-eta.
Jagi zan, beraz, Jose, hartu zituan umea eta ama gauez eta Egiptora joan zan. Han egon zan, Herodes hil arte. Holan bete zan Jaunak profetearen bidez esandakoa: Egiptotik etorteko dei egin neutsan neure semeari.
Orduan, Herodes erregea, Magoek engainatu egin ebela oharturik, sutsu haserretu zan, eta Belenen eta inguruetan urte bitik azpiko ume guztiak hilteko agindu eban, Magoek adierazotako denborea kontuan harturik. Honan bete zan Jeremias profeteak esana:
Oihua entzun da Raman,
negar eta aiene ugari:
Rakelek dihardu,
bere umeakaitik negarrez;
ez dau kontsolatu gura,
ez dira bizi eta.