Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Eguberri Zortziurreneko 6. Eguna

Eguberrialdia Asteguna B zikloa
🔍 Bilatu

Jainkoaren gogoa egiten dauana

Zuei, ene seme-alaboi, dinotsuet: parkatu jatzuez zeuen pekatuak Jesu Kristoren izenean.

Zuei, gurasooi, dinotsuet: ezagutzen dozue hasieratik dan Ha.

Zuei, gazteoi, dinotsuet: garaitu dozue gaiztoa.

Barriro dinotsuet, ene seme-alabok: ezagutzen dozue Aita.

Barriro dinotsuet, gurasook: ezagutzen dozue hasieratik dan Ha.

Barriro dinotsuet, gazteok: indartsuak zaree, zuekan dago Jainkoaren berbea eta garaitu dozue gaiztoa.

Ez maitatu mundua, ez munduko gauzarik ere. Norbaitek mundua maite badau, ez dago haregan Aitaren maitasuna. Izan ere, munduan dan guztia —grina txarrak, begietatik sartzen danaren gurari bizia eta aberastasunen harrokeria— ez dator Aitagandik, mundutik baino. Eta mundua badoa, baita haren grinak ere; Jainkoaren nahia egiten dauanak, barriz, betiko irauten dau.

R/ Poztu bedi ortzia, alaitu lurra.

Herrietako sendiak, emon Jaunari,

emon Jaunari ospe eta goraldi.

Emon ospe Jaunari bere izenaren ederrez;

sartu zaiteze haren atarietan opariak eroanez. R/.

Jauretsi egizue Jauna jantzi gurenean;

ikaratu zaitez, lurbira guztia, haren aurrean.

Esan egizue atzerrietan: «Jauna errege da,

lurbira kolokatu ez daiten sendo ezarri dau,

herriak zuzenbidez epaitzen ditu». R/.

Umeari buruz berbetan hasi jaken

Aldi haretan, bazan profetesa bat ere, Ana eritzona, Fanuelen alabea, Aserren jatorrikoa. Urteetan oso aurreratua zan; gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarragaz bizi ondoren, alargun gelditu zan, eta bazituan laurogeita lau urte. Gau eta egun tenpluan egoten zan, barau eta otoitz, Jainkoa zerbitzen. Ordu haretan han egoan, eta Jainkoa goratzen eta umeari buruz berbetan hasi jaken Jerusalemen askatasunaren zain egozan guztiei.]

Jesusen gurasoak, dana Jainkoaren legeak agintzen dauan lez bete ondoren, Galileara bihurtu ziran, euren herri Nazaretera. Umea hazten eta indartzen joian, jakituriaz beteten, eta Jainkoaren grazia beragaz eban.