Lurbiraren bazter guztiek ikusiko dabe gure Jainkoaren salbamena.
Bai ederrak dirala mendi gainetan
albistariaren oinak!
Bakea iragarten dau,
zorionaren barri ona emoten
eta salbamena iragarten!
Sioni dinotso:
«Zure Jainkoa errege da»
Entzun zure zaintzaileen oihua!
Oihuka dihardue,
poz-irrintzika, guztiek batera;
euren begiz ikusten dabe-eta
Jauna Sionera bihurtzen.
Ekin poz-oihuka guztiok batera,
Jerusalemeko horma jausiok;
Jaunak bere herria kontsolatu dau-eta,
eta askatu dau Jerusalem.
Herri guztien aurrean erakutsi dau Jaunak
bere beso santuaren indarra,
eta munduko bazter guztiek ikusiko dabe
gure Jainkoaren salbamena.
R/ Kanta Jaunari kantu barri, egin ditu-eta hainbat harrigarri.
V/. Kanta Jaunari kantu barria,
egintza harrigarriak egin ditu-eta;
garaipena emon deutsa bere eskumak,
bere beso santuak. R/.
V/. Bere garaipena ezagutuazo dau Jaunak,
bere salbazino-egintza agertu nazinoen aurrean.
Ez da ahaztu bere maitasunaz,
Israel herriari deutsan leialtasunaz. R/.
V/. Munduko bazter guztiek ikusi dabe
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lur osoa,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua. R/.
V/. Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz eta kantu-hotsez,
turutaz eta adar-hotsez;
egin irrintzi errege dan Jaunari. R/.
Jainkoak Semearen bidez berba egin deusku.
Askotan eta era askotara berba egin eutsen antzina Jainkoak Profeten bidez gure asabei; azkenak diran egun honeetan, barriz, bere Semearen bidez berba egin deusku. Seme hau egin eban gauza guztien oinordeko, egin ere Beraren bidez egin eban-eta mundua.
Bera da Jainkoaren aintzaren disdira eta haren izatearen irudia. Berak eusten deutse gauza guztiei bere berba indartsuaz. Eta, pekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskumaldean jesarri zan zeru-goienetan, aingeruak baino gorago jarria, ondaretzat jaso eban izena ere hareena baino goragokoa dan ezkero.
Izan ere, zein aingeruri esan deutso inoiz:
«Nire Seme zara Zu;
Neuk zaitut gaur sortu»?
Eta beste behin:
«Aita izango nau Harek Ni
eta Seme izango dot Nik Ha»?
Bere Lehen-semea barriro munduan sartuazotean, dino:
«Gurtu begie Bera Jainkoaren aingeru guztiek».