Daviden erreinuak betiko iraungo dau Jaunaren aurrean.
David erregea bere etxean bizitzen jarri eta Jaunak inguruko arerio guztiekin bakea emon eutsanean, esan eutsan erregeak Natan profeteari: *Begira, ni zedrozko etxean bizi naz; Jainkoaren kutxa, barriz, oihal-txabolan dago+.
Natanek erantzun eutsan erregeari: *Zoaz eta bete zeure asmoa, Jauna Zugaz da-eta+.
Baina gau haretan bertan Jaunaren berbea etorri jakon Natani: *Zoaz eta esaiozu nire morroi Davidi: "Hau dino Jaunak: Zuk eregi behar al deustazu etxea, nire bizileku izan dadin? Nik atara zindudazan larreetatik, artaldeen atzetik, nire herri Israelen buruzagi izan zeintezan. Zeugaz izan nozu, ibili zaran alde guztietan. Nik hondatu deutsudaz aurrean jarri jatzuzan arerio guztiak eta Nik emongo deutsut lurreko handikiena lako izen handia. Leku bat emongo deutsat neure herri Israeli: han landatuko dot, bertan biziko da eta ez dau aurrerantzean estualdirik izango. Gaizkileek ez dabe zapalduko antzina lez, neure herriaren gain buruzagiak ipini nituanean lez. Bakea emongo deutsut arerio guztiekin. Errege-ondorengotza emongo deutsula jakinazoten deutsu Jaunak.
Zeure egunak bete eta zeure gurasoekin atsedena hartuko dozunean, ondorengoa emongo deutsut, zure erraietatik ataratakoa, eta sendotu egingo dot haren erregetza. Aita izango nau harek Ni, eta seme izango dot Nik ha.
Zure etxeak eta zure erregetzak betiko iraungo dabe nire aurrean, eta zure errege-aurkiak sendo iraungo dau beti"+.
R/ Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.
Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti,
zure leialtasuna adierazoko gizaldiz gizaldi.
Esan dozu-eta: *Maitasuna betiko dot eregi+,
zure leialtasuna zeruan dozu sendo jarri. R/.
*Egin dot nire hautatuagaz ituna,
David nire morroiari zin egin neutsona:
Betiko sendotuko dot zure hazia,
menderen mende eregiko zure aurkia+. R/.
Berak deituko nau: *Zu zaitut Aita,
ene Jainko, nire salbamenaren Harkaitza+.
Gordeko deutsat beti nire maitasuna,
zintzo izango egin neutson ituna. R/.
Agertuko jaku Goiz-eguzkia gainetatik.
Aldi haretan, Zakariasek, Joan umearen aitak, Espiritu Santuaz beterik, profeta lez berba egin eban, esanez:
*Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,
agertu eta bere herria askatu dauana!
Salbamen-indarra deusku emon,
bere morroi Daviden ondorengoen artean.
Halan berbea emon eban antzinatik
bere profeta santuen ahoz:
salbatuko ginduzala gure arerioen menpetik,
gorroto gaituen guztien eskutik.
Holan agertu dau gure gurasoakanako errukia,
eta gogoratu da bere itun santuaz,
gure guraso Abrahami egindako zin-hitzaz:
Berak emongo euskula,
arerioen eskutik askaturik,
bildur barik Bera zerbitzea,
santu eta zuzen izanez haren aurrean,
geure bizitza guztian.
Zuri, barriz, umetxo horri,
Goi-goikoaren profeta deituko deutsue,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta
Hari bidea prestatuz,
erakustearren haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuakaitik,
agertuko jaku goiz-argia zeru goitik,
ilunpetan eta heriotz-kerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera+.