Legezko muskila sortu deutsat Davidi.
Hau dino Jaunak:
*Badatoz egunak,
eta egun horreetan Davidi legezko muskila sortuko deutsat.
Errege zentzundun lez gobernatuko dau
eta zuzenbidea eta justizia ezarriko ditu lurrean.
Haren egunetan Juda salbatuko da
eta Israel seguru biziko.
Eta izen hau emongo deutsoe:
"Jauna gure justizia".
Datozan egun horreetan, dino Jaunak, jenteak ez dau honan zin egingo: "Ala Jauna, israeldarrak Egiptotik atara zituana!", beste era honetara baino: "Ala Jauna, Israelgo seme-alabak iparraldetik eta banatuta eukazan alde guztietatik atara eta euren lurrean bizitzeko ekarri zituana!"+
R/ Zuzentasuna garatuko da haren egunetan, eta bakea ugari betierean.
Emoiozu, Jainko, zeure auzia erregeari,
zeure zuzentasuna errege-semeari.
Zaindu begi zure herria zuzentasunez,
eta zure gizajoak zuzenbidez. R/.
Onik atarako dau-eta oihuka diharduan jente apala,
eta laguntzailerik ez dauan dohakabea.
Apalarentzat eta behartsuarentzat izango dau errukia,
salbatuko dau behartsuen bizia. R/.
Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa,
mirariak egiten bakarra!
Bedeinkatua Haren izen ederra betiren beti,
eta Haren aintzaz lurbira osoa bete bedi!
Amen, amen. R/.
Mariagandik jaioko da Jesus.Maria Daviden seme Joseren emaztea da.
Jesu Kristoren sortzea honan jazo zan: Maria, Jesusen ama, Josegaz ezkontzeko berbea emonda egoan eta, alkarregaz bizi izan baino lehen, umedun geratu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zalako eta ez ebalako bere emaztea salatu gura, isilean iztea erabagi eban.
Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan eta esan eutsan: *Jose, Daviden ondorengo hori, ez izan bildurrik Maria, zeure emaztea, etxean hartzeko, honegan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk "Jesus" ezarriko deutsazu izena, Berak salbatuko dau-eta bere herria pekatuetatik+.
Guzti hau Jaunak profetearen ahoz esandakoa bete zedin jazo zan:
*Begira, birjineak sabelean sortu
eta semea izango dau,
eta Emmanuel ezarriko deutsoe izena+
(Emmanuel izenak "Jainkoa gugaz" esan gura dau).
Josek, lotatik esnatu zanean, Jaunaren aingeruak agindu eutsan lez egin eban, eta bere etxean hartu eban emaztea.