Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Abenduko II Igandea

Abendualdia Igandea B zikloa
🔍 Bilatu

Prestau bidea Jaunari.

“Kontsolatu egizue, kontsolatu nire herria.

Berba egin bihotzera Jerusalemi, egiozue oihu:

betea dauala bere morroialdia,

ordaindua bere erruen zorra,

Jaunaren eskutik hartua dau-eta

bere pekatu guztien ordain betea”.

Berba batek dihardu oihuka:

“Prestatu basamortuan bidea Jaunari;

zelaitu eremuan galtzadea gure Jainkoari.

Bete daitezala haranak,

beheratu mendi eta muinoak;

bardindu daitezala malkarrak,

zelaitu lur-maldak.

Orduan Jaunaren aintza agertuko da,

eta gizaki guztiek batera ikusiko dabe.

Jaunak berak esan dau”.

Igon mendi-gailurrera, Siongo mezularia;

egin deadar handia, Jerusalemeko mezularia;

egin deadar, ez izan bildurrik.

Esan Judako uriei:

“Hona hemen zuen Jainkoa.

Hara, indarrez jantzita dator Jainko Jauna

eta haren besoa nagusi da.

Hara, Beragaz dakar garaipen-agiria

eta bere aurretik Berak askatutako herria.

Artzainak lez zaintzen dau artaldea:

aumeak besoan hartu

eta altzoan eroaten ditu,

eta ardi-ama barriak arretaz gidatzen”

R/ Jauna, zeure onginahia erakutsi eiguzu,

zeure salbamena emoiguzu.

V/.

Entzungo dot Jainkoak dinoana:

Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.

Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;

bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

V/.

Maitasunak eta leialtasunak alkar dabe aurkitzen,

justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.

Leialtasuna lurretik da ernetzen,

justizia zerutik jaisten. R/.

V/.

Jaunak emongo dau euria,

eta gure lurrak ekarriko bere uzta.

Haren aurretik joango da justizia,

haren pausuei jarraituko deutse ondoizateak. R/.

Zeru barriak eta lur barria itxaroten doguz.

ENE maiteok: Ez jatzue hau ahaztu behar: Jaunarentzat egun bat

mila urte lez dala, eta mila urte egun bat lez. Jauna ez da berankorra

agintzaria betetzen, batzuek halan uste badabe be; pazientzia dau zuekin,

ostera, eta ez dau inor galtzea nahi, guztiok bihotz-barritzea baino. Jaunaren

eguna, ostera, lapurra lez ustebarik etorriko da. Orduan, burrundara handiz

desagertuko dira zeruak, lurraren osagaiak kiskalduta desegingo dira, eta

lurra eta bertako gauza guztiak agirian geldituko.

Gauza honeek guztiak honan ezereztu beharrezkoak diran ezkero,

begiratu zein santu eta jainkozale izan behar dauan zuen bizitzak!

Bizi zaiteze, beraz, Jainkoa etorriko dan egunaren zain eta egin lan,

lehenbailehen heldu dadin. Egun haretan, sutan desegingo dira zeruak, eta

lurraren osagaiak kiskalduta desegingo. Guk, ostera, Jaunak agindu euskun

lez, zuzentasunaren bizileku diran zeru barriak eta lur barria itxaroten doguz.

Beraz, maite-maiteok, honeek itxaroten dozuezala, ahalegindu zaiteze

Jainkoagaz bakean bizitzen, garbi eta erru barik haren aurrean.

Zuzendu Haren bidezidorrak.

Mesias eta Jainkoaren Seme dan Jesusen Barrionaren hasierea.

Isaias profetearen liburuan honan dago idatzita:

“Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik,

zuri bidea prestatzera.

Berba batek oihuka dihardu basamortuan:

"Prestatu bidea Jaunari,

zuzendu bidezidorrak Hari"”.

Halan agertu zan Joan basamortuan, bateatzen eta bihozbarritzeko bateoa iragarten, pekatuen parkamenerako. Judea osotik eta Jerusalemetik haregana joaten zan jente guztia, eta, euren pekatuak autorturik, Joanek bateatu egiten zituan Jordan ibaian.

Joan gamelu-narruz jantzita egoan, eta gerrian narruzko uhala; matxinsaltoak eta basaeztia zituan janari. Eta honan iragarten eban: “Nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dana, eta ni ez naz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Nik urez bateatu zaituet; Harek, ostera, Espiritu Santuaz bateatuko zaitue”.