Errukituko jatzu Jauna zure deiaren hotsera.
Hau dino Jainko Jaunak, Israelgo santuak:
*Siongo herri, Jerusalemen bizi zarana,
ez dozu gehiago negarrik egingo;
errukituko jatzu Jauna zeure deiaren hotsera
eta entzun orduko erantzungo deutsu.
Jaunak ogia urri eta ura eskas emoten badeutsu ere,
zure irakaslea ez jatzu gehiago ezkutatuko;
zeure begiz ikusiko dozu irakaslea.
Eskumara nahiz ezkerrera okertzen bazara ere,
zure belarriek berba bat entzungo dabe,
atzetik esaten:
"Hau dozu bidea, jo hemendik".
Jaunak emongo deutso euria zuk lurrean ereindako haziari
eta zure lurrak gari-uzta mardula eta oparoa emongo dau;
egun haretan zure abereak larre zabaletan larratuko dira;
solo-lanetan diharduen zure idi eta astoek
bedar gozoa jango dabe,
galbahez eta sardez haizatua.
Mendi handi guztietan,
bizkar goren guztietan,
errekatxoak eta ubideak izango dira,
hilketa handiaren egunean,
arerioen torreak irauliko diranean.
Jaunak bere herriaren zauria lotu
eta kolpearen hausturea osatuko dauanean,
iretargiak eguzkiak lez egingo dau argi
eta eguzkiaren argia zazpi aldiz handiagoa izango da,
zazpi egunetakoa adinakoa+.
R/ Zorionekoak Jaunagan itxaron dabenak.
edota Aleluia.
Goratu egizue Jauna,
ona da-eta gure Jainkoari eresi egitea,
gozoa Hari dagokion gorespena emotea.
Jerusalem Jaunak eregitzen dau,
Israeldik banatuak batzen ditu. R/.
Bihotz-urratuak Berak ditu osatzen,
eta hareen zauriak lotzen.
Izarrak bat-banaka ditu zenbatzen,
bakotxa bere izenaz izentatzen. R/.
Handi da gure Jainkoa, indarrez indartsu,
Harek dakienak neurririk ez dau.
Jaunak umilak jasoten ditu,
gaiztoak lurrera jaurtiten ditu. R/.
Ebanjelioa · Mt 9, 35 — 10, 1. 5a. 6-8
Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.
Irakurri gaztelaniaz →