Sartu bedi herri zintzoa eta leiala.
Egun haretan, kantu hau abestuko dabe Judako lurraldean:
*Bai sendo gure uria,
harresi eta harresiaurreko jarri deutsaz babes.
Zabaldu egizuez ateak,
Sartu daiten herri zintzo eta leiala.
Sendo dauka bihotza, Jauna;
Zuk zaintzen deutsazu bakea,
Zugan dau-eta uste ona.
Izan uste on beti Jaunagan,
Jauna da-eta harkaitz gizaldien gizaldietan.
Goian bizi diranak jaitsarazo egiten ditu;
uri garaia lurreraino,
hautsa joteraino, botaten dau;
apalaren oinek zapalduko dabe,
behartsuek hankapean erabiliko+.
R/ Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena.
edota Aleluia.
Eskerrak Jaunari, ona da-eta,
Haren maitasuna betikoa da-eta.
Hobe da Jaunagana joatea,
eta ez gizakiakan uste on izatea;
hobe da Jaunagana joatea,
eta ez handikiakan uste on izatea. R/.
Edegi niri zintzotasunaren ateak,
hortik sarturik emon deiodazan Jaunari eskerrak.
Hau da Jaunaren atea,
zintzoak sartuko dira aurrera.
Eskerrak Zuri, entzun nozulako,
salbamen izan zarealako niretzat. R/.
Emon, Jauna, salbamena,
emon, Jauna, zoriona.
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena,
bedeinkatzen zaituegu Jaunaren etxean.
Jainkoa da Jauna,
guri argi egin deuskuna. R/.
Aitaren nahia egiten dabenak sartuko dira zeruetako erreinuan.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: *Ez da nahiko Niri "Jauna, Jauna" esatea zeruetako erreinuan sartzeko; hauxe da beharrezkoa: zeruan dagoan nire Aitaren nahia egitea.
Beraz, nire berba honeek entzuten eta beteten dituana bere etxea harkaitz gainean eregi eban gizon zentzundunaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uholdeak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; baina ez zan jausi, harkaitz gainean oinarrituta egoan-eta.
Nire berba honeek entzun bai, baina beteten ez dituana, bere etxea hondar gainean eregi eban gizon burubakoaren antzekoa da. Egin eban euria, etorri ziran uholdeak, jo eban haizeak eta eraso eutsoen etxe hari; eta jausi egin zan eta guztiz hondatuta gelditu+.