Jai-jatordua emongo deutse Jaunak herri guztiei eta xukatuko ditu aurpegi guztietako negar malkoak.
Egun haretan, jai-jatordua emongo deutse
Jaun ahalguztidunak
mendi honetan herri guztiei,
janari guri eta edari bikainekin,
haragi mamintsu eta ardo zahar finekin.
Mendi honetan kenduko dau
herri guztien gainean zabalduta dagoan estalkia,
nazino guztiak estaltzen dituan oihala.
Betiko hondatuko dau heriotzea;
xukatuko ditu Jainko Jaunak
aurpegi guztietako negar-malkoak
eta lur osotik aldenduko dabe
bere herriaren lotsakizuna,
Jaunak berba egin dau-eta.
Eta egun haretan esango da:
*Hara gure Jainkoa!
Itxaroten genduan salbatuko ginduzala;
Jauna da, Beragan genduan itxaropena.
Poztu gaitezan eta alaitu,
salbatu gaitualako.
Jaunaren eskua mendi honetan kokatuko da+.
Salmoa · Sal 22, 1b-3a. 3bc-4. 5. 6 (R.: 6cd)
Itzulpen ofizialik ez dago oraindik bizkaieraz.
Irakurri gaztelaniaz →Gaixo asko osatzen ditu Jesusek eta ogiak ugaritzen ditu.
Aldi haretan, Galileako itsasbazterrera joan zan Jesus, mendira igon eta han jesarri zan. Jente asko hurreratu jakon, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko eroanez; oinetan jarten eutsoezan eta Harek osatu egiten zituan. Jentea harrituta gelditu zan ikusten ebanaz: mutuak berbetan, besamotzak osatuta, herrenak ibilten eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goratzen hasi ziran.
Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan eutsen: *Erruki dot jente hau; badaroaz hiru egun Nigaz eta ez dau jatekorik. Ez ditut baraurik bialdu gura, bidean akitu ez daitezan+.
Ikasleek esan eutsoen: *Nondik atara guk basamortu honetan horrenbeste jente asetzeko lain ogi?+ Jesusek esan eutsen: *Zenbat ogi dozue?+ Hareek erantzun: *Zazpi, eta arraintxo bakar batzuk+.
Lurrean jesarteko agindu eutsan jenteari; gero, hartu zituan zazpi ogiak eta arrainak eta, esker-otoitza egin ondoren, zatitu ebazan eta bere ikasleei emon eutsezan, eta ikasleek jenteari. Jan eben danek ase arte, eta gelditutako hondarrekin zazpi otzara bete batu ebezan.