Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXXIV. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Andres Dung-Lac eta lagunak martiriak (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Etorri da uzta batzeko ordua, heldu da-eta lurreko uzta.

Nik, Joanek, hodei zuri bat ikusi neban, eta hodeiaren gainean gizaseme antzeko norbait jesarrita, buruan urrezko koroia eta eskuan igitai zorrotza zituala.

Tenplutik beste aingeru batek urten eta hodei gainean jesarrita egoanari esan eutsan ahots handiz: «Hartu igitaia eta ekin uzta-batzeari; heldu da igitaitzeko ordua, heldua dago-eta lurreko uzta». Eta hodei gainean jesarrita egoana igitaitzen hasi zan eta lurreko uzta bildu eban.

Gero, beste aingeru batek urten eban zeruko tenplutik, harek ere igitai zorrotza ebala. Beste aingeru batek, suaren gain agintea dauana, urten eban altaratik, eta oihu egin eutsan ahots handiz igitai zorrotza ebanari: «Hartu zeure igitai zorrotza eta batu lurreko mahastiko mordoak, mahatsa heldua dago-eta». Hasi zan aingerua igitaitzen eta lurreko mahastia batu eban eta mahatsa Jainkoaren zigorraren dolare handian bota.

R/ Badator Jauna lurra epaitzera.

Esaizue nazinoetan: «Errege da Jauna.

Sendo ezarria dago mundua, ez dau koloka egingo;

herriak zuzenbidez epaitzen ditu». R/.

Poztu bedi zerua, alaitu lurra,

egin begi orroa itsasoak eta bertako guztiak,

egin jai landa zabalak eta bertan dan guztiak. R/.

Egin poz-oihu basoko zuhaitz guztiak

Jaunaren aurrean, badator eta,

badator lurra epaitzera.

Justiziaz epaituko dau mundua,

eta leialtasunez herriak. R/.

Ez da harririk harri gainean geldituko.

Aldi haretan, batzuek tenpluari buruz ziharduen, harri ederrez eta emoitzez apainduta egoala aitatuz. Orduan, Jesusek esan eutsen: «Etorriko da, hor ikusten dozuezan guzti horreetatik harririk harri gainean geldituko ez dan sasoia: dana hondatuko dabe».

Ikasleek itaundu eutsoen: «Maisu, noiz jazoko da hori? Eta zertan ezagutuko dogu jazotera doala?»

Jesusek erantzun eutsen: «Kontuz, ez zagiezala inork engainatu! Asko etorriko dira nire izenean, "neu naz Mesias" edo "gainean da sasoia" esaten. Ez joan holakoen atzetik. Gerra- eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu, lehenengo jazo beharrekoa da-eta guzti hori; baina ez dator behingoan azkena».

Esan eutsen, gainera: «Nazinoa nazinoaren aurka eta erreinua erreinuaren aurka jagiko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen. Gauza ikaragarriak jazoko dira, eta seinale handiak agertuko zeruan».