Kristoren izena eta Haren Aitaren izena euren bekokietan idatzirik ebezan.
Nik, Joanek, Bildotsa ikusi neban Sion mendiaren gainean zutunik, eta Haregaz batean ehun eta berrogeita lau mila lagun, Bildotsaren eta honen Aitaren izena bekokian idatzita eroienak. Eta zerutik etorren hotsa entzun neban, ur handien edo trumoi handi baten burrunbea lakoa, euren kitarak joten diharduen kitaralarien hotsa lakoa.
Kantu barria ziharduen kantetan tronuaren aurrean, lau izaki bizidunen eta zaharren aurrean; inork ere ez eikean kantu ha ikasi, lurrekoen artetik salbatutako ehun eta berrogeita lau mila hareek baino.
Honeek Bildotsari jarraitzen deutsoe, edonora doala. Gizakien artetik salbatuak eta Jainkoarentzat eta Bildotsarentzat lehen-frutu lez eskeiniak izan dira; hareen ahoan ez da maltzurkeriarik; akats bakoak dira.
R/ Hau da, Jauna, zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.
V/.
Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.
V/.
Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak erru barik eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.
V/.
Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutsa Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.
Alargun behartsu bat ikusi eban txanpon bi botaten.
Aldi haretan, begira egoala, aberats batzuk ikusi ebazan Jesusek tenpluko dirutegian limosnea botaten. Ikusi eban emakume alargun behartsu bat ere txanpon bi botaten. Eta esan eban: «Benetan dinotsuet: alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau. Izan ere, beste guztiek sobra dabenetik egin dabe limosnea; honek, ostera, bere urritasunean bizitzeko eukan guztia emon dau».