Zuek, nire ardiok, entzun: Epaia egingo dot Nik ardien eta ardien artean.
Hau dino Jainko Jaunak: «Ni neu egingo naz artaldearen kargu, neu arduratuko haretaz. Artzaina, artaldea sakabanatu jakonean, ardiakaz arduratzen dan lez, holantxe arduratuko naz Ni neure ardiakaz; egun lainotsu eta ilunean sakabanatutako toki guztietatik atarako ditut.
Nik neuk larratuko ditut ardiak eta Neuk hartuazoko deutset atsedena dino Jainko Jaunak. Ardi galdua bilatuko dot, desbideratua artaldera bihurtuko, hankea hausita dauana lotuko, gaixoa indartuko; gizen eta indartsuak zaindu egingo ditut. Behar dan lez larratuko ditut ardiak.
Zuei, ene ardioi, hau dinotsuek nik, Jainko Jaunak: Neuk epaituko dot ardi batzuen eta besteen artean, aharien eta akerren artean».
R/ Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.
V/.
Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunarazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.
V/.
Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.
Kristok Jainko Aitari erreinua emongo deutsonean, Jainkoa guztietan guztia izango da.
SENIDEOK: Biztu da Kristo hilen artetik, heriotzatik biztuko diranetan lehen-frutu. Izan be, heriotza gizon baten bidez etorri zan lez, gizon baten bidez etorri da hildakoen biztuera be. Eta Adamegaz daben alkartasunagaitik gizaki guztiak hiltzen diran lez, Kristogaz daben alkartasunagaitik guztiak bihurtuko dira bizira. Baina bakotxa bere sasoian: lehenengo Kristo, lehen-frutua danez; gero, Kristorenak, hau barriro etortzean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emongo deutsonean. Kristok errege izan behar dau-eta, Jainkoak arerio guztiak haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko dan arerioa heriotza izango da.
Jainkoak gauza guztiak menpean jarriko deutsozanean, Semea bera menpean jarriko jako gauza guztiak menpean jarri eutsozanari, eta Jainkoa danetan dana izango da.
Jaunak esana.
R/. Aleluia. V/. Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua datorren erreinua, gure aita Daviden erreinua! R/.
Nire seniderik txikien honeetako bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten.
Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizonaren Semea eta aingeru guztiak Haregaz aintzaz beterik etortean, bere errege-aulki ospetsuan jesarriko da, eta herri guztiak haren aurrean batuko dabez. Harek batzuk besteakandik bereiziko ditu, artzainak ardiak ahuntzetatik bereizten dituan lez: ardiak bere eskumaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.
Orduan, erregeak esango deutse bere eskumakoei: "Zatoze, nire Aitaren bedeinkatuok; hartu egizue munduaren sortzetik zuentzat prestauta dagoan erreinua. Gose nintzan eta jaten emon zeunsten; egarri, eta edaten emon; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoan, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zineen".
Orduan, zintzoek erantzungo deutsoe: "Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik, eta emon geuntsun jaten, edota egarri, eta edaten emon? Noiz ikusi zinduguzan arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zinduguzan gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?"
Eta erregeak erantzungo deutse: "Benetan dinotsuet: nire seniderik txikien honeetako bati egin zeuntsoena neuri egin zeunsten."
Gero, esango deutse ezkerrekoei: "Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestauta dagoan betiko sutara. Gose nintzan eta ez zeunsten jaten emon; egarri, eta ez zeunsten edaten emon; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoan, eta ez zineen ni ikustera etorri".
Hareek erantzungo deutsoe: "Jauna, noiz ikusi zinduguzan goserik edota egarri, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?"
Harek erantzungo deutse: "Benetan dinotsuet: txikien honeetako bati egin ez zeuntsoena, neuri ez zeunsten egin".
Eta honeek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, barriz, betiko bizitzara».