Hila izan da Bildotsa, eta bere odolaz enda guztietako gizakiak erosi ditu.
Nik, Joanek, tronuan jesarrita dagoanaren eskuman liburu bat ikusi neban, barrutik eta kanpotik idatzita, eta zazpi zigiluz jota.
Eta aingeru indartsu bat ikusi neban, ozenki oihu egiten: «Nor da gai liburua edegiteko eta beraren zigiluak askatzeko?» Eta ez zan inor ere, ez zeruan, ez lurrean, ez lurpean, liburua edegi eta irakurri eikeanik. Ni negar eta negar egiten nengoan, liburua edegiteko eta irakurteko inor ere agertu ez zalako. Orduan, zaharretako batek esan eustan: «Ez egin negarrik. Hara, garaile urten dau Judaren leinuko lehoiak, Daviden kimuak, eta beronek edegiko ditu liburua eta zazpi zigiluak».
Orduan, tronuaren erdian eta lau izaki bizidunen eta zaharren erdian, Bildots bat ikusi neban: zutunik egoan eta lepoa ebagita izanaren ezaugarriak ebazan; zazpi adar eta zazpi begi ebazan, hau da, Jainkoak lur guztira bialdu ebazan zazpi espirituak. Etorri eta liburua hartu eban tronuan jesarrita dagoanaren eskumako eskutik. Liburua hartu ebanean, lau izakiak eta hogeita lau zaharrak Bildotsaren aurrean ahuspeztu ziran. Kitara bana eben eta intsentsuz betetako urrezko ontziak, Jainkoarenak diranen otoitzen adierazgarri. Eta kantu barri hau abestu eben:
«Bazara nor liburua hartu
eta beronen zigiluak edegiteko,
hila izan zaralako,
eta zeure heriotzeaz Jainkoarentzat irabazi dozuz
arraza, hizkuntza, herri eta nazino guztietako
gizon-emakumeak;
eta gure Jainkoarentzat
errege-herri eta abade egin dozuz,
eta lur osoan errege izango dira».
R/ Abade-erreinu egin gaituzu, Jauna, gure Jainkoarentzat.
Kanta Jaunari kantu barria,
kanta haren gorapena fededunen batzarrean.
Poztu bedi Israel bere Egileaz,
alaitu siondarrak euren Erregeaz. R/.
Goratu begie haren izena dantza eginez,
jo begiez Harentzat danbolina eta zitara.
Maite dau-eta Jaunak bere herria,
garaipenez jantziko ditu umilak. R/.
Alaitu bediz fededunak Jainko ospetsuaz,
egin begie pozez oihu euren etzalekuetan.
Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrian.
Gorapide hau jagoke Haren zintzo guztiei. R/.