Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXXI. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Kristok bere gorputz aintzatsuaren irudiko egingo gaitu.

Senideok: [Izan zaiteze nire antzeko, eta begiratu nigan dozuen ereduaren arabera bizi diranei. Izan ere, asko dira Kristoren kurutzearen arerio lez bizi diranak. Askotan esan deutsuet eta barriro dinotsuet orain malko artean. Holakoen azkena hondamendia da; sabela dabe jainko, euren lotsarietan harrotzen dira eta lurreko gauzetan bakarrik pentsetan dabe.]

Gu, ostera, zeruko uritar gara eta handik itxaron dogu Salbatzailea, Jesu Kristo Jauna. Berak antzaldatuko dau gure gorputz ezerez hau, bere gorputz aintzatsuaren irudiko eginez, gauza guztiak ere menpe jarteko dauan ahalmenari esker.

Holan, bada, ene senide gogoko eta maiteok, nire poza eta nire koroa, iraun egizue holan Jaunari leial, maiteok.

R/ Goazen pozik Jaunaren etxera!

V/.

Hau bai poza nirea, esan eustenean:

«Goazen Jaunaren etxera!» .

Hona orain nire oinak

zure ateetan, Jerusalem. R/.

V/.

Jerusalem, uri lez ondo eraikia,

beragan sendo batua! R/.

V/.

Hara igoten dabe leinuek, Jaunaren leinuek,

Israelen lege danez, Jaunaren izena gorestera.

Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,

Daviden jauregiko mahaiak. R/.

Mundu honetako seme-alabak zentzundunagoak dira euretarrakin, argiaren seme-alabak baino.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat eukan, eta honek haren ondasunak alperrik galtzen ziharduala salatu eutsoen.

Deitu egin eutsan eta esan: "Zer da zutaz entzun dodan hori? Emoidazu etxezaintzaren kontua kargutik bota egiten zaitut-eta".

Etxezainak, orduan, honan inoan berekautan: "Zer egin behar dot nik orain, nagusiak kargua kentzen deustan ezkero? Aitzurrerako ez naz gauza, eta eskerako lotsa naz. Badakit zer egin, kargutik botaten nabela etxean nork hartu izan dagidan".

Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitu, eta lehenengoari itaundu eutsan: "Zenbat zor deutsazu nire nagusiari?" Harek erantzun: "Ehun upel orio". Etxezainak, orduan: "Hona zure ordain-agiria; aguro, jesarri eta idatzi berrogeita hamar". Gero, hurrengoari itaundu eutsan: "Zuk zenbat zor deutsazu?" Harek erantzun: "Ehun anega gari". Etxezainak, orduan: "Hona zure ordain-agiria; idatzi laurogei".

Eta nagusiak txalotu egin eban etxezain zuzenbage ha, zuhur jokatu ebalako. Izan ere, mundukoak zuhurragoak dira euren arteko arazoetan, argitakoak eurenetan baino».