Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXXI. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Carlos Borromeo Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Lan egizue zuen buruak salbatzeko.Jainkoak sortzen dau zuekan, bai gura izatea, bai egitea..

Senide maiteok: Beti esana egin deustazue; obeditu orain ere, ni hor ez egon arren. Ahalegindu zaiteze begirune santuz zeuen salbamena burutzen, ez hor nagoanean lez bakarrik, askoz gehiago baino. Izan ere, Jainkoa da, bai gura izateko eta bai burutzeko gai egiten zaituena, berak gura dauan lez.

Egizue dana marmar eta eztabaida barik, gizaldi maltzur eta gaizto honen erdian garbi eta akats bako, Jainkoaren seme-alaba errubako, izan zaitezen; gizarte honetan izarrek munduan lez egiten dozue argi, bizia emoten dauan mezuari tinko eutsiz. Horixe izango dot nik harrobide Kristo agertuko dan egunean, nire ahaleginak eta nekeak ez dodaz-eta alperrik emon izango.

Eta zuen fedearen kultu-zerbitzua burutzeko neure bizia oparitzat eskeini behar badot ere, pozik nago eta alaitu egiten naz zuekin guztiokin. Poztu zaiteze holan zuek ere eta alaitu nigaz batera.

R/ Jauna dot argi eta salbamen.

V/. Jauna dot argi eta salbazino,

nork ni bildurtu?

Jauna biziaren babes,

nork ni ikaratu? R/.

V/. Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,

horren bila nabil ni:

bizi nadila Jaunaren etxean

neure bizitzako egun guztietan,

Jaunaren edertasuna miretsiz

eta haren tenplua zainduz. R/.

V/. Ziur dakit Jaunaren ontasuna

gozatuko dodala

bizidunen lurrean.

Itxaron Jaunagan!

Eutsi gogor, izan bihotz!

Itxaron Jaunagan! R/.

Daukazan guztiak izten ez dituana ezin daiteke nire ikasle izan.

Aldi haretan, jente-talde handiak joiazan Jesusegaz; Honek, hareekana bihurturik, esan eutsen: «Norbaitek Nigaz etorri gura badau, eta bere aitamak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak, eta bere burua ere baino maiteago ez banau, ez daiteke izan nire ikaslea. Bere kurutzea hartu eta Nire ondoren ez datorrena ez daiteke nire ikasle izan.

Izan ere, zuetako nork, torrea egin gura badau, jesarri eta ez ditu aurretik gastuen kontuak ataraten, amaitzeko lain ba ete daukon ikusteko? Bestela, zimenduak hartu ondoren amaitu ezin izango baleu, hori ikustean barre egingo leuskioe guztiek, esanez: "Hona hau eregiten hasi zoan eta ezin izan jok amaitu".

Edota zein erregek, beste baten kontra gerrara joan gura badau, jesarri eta ez dau aldez aurretik deliberatzen, ea hamar mila gizon nahiko dituan, hogei milagaz kontra jatorkonari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badau, bestea oraindino urrun dala, mandatariak bialduko deutsoz bakea eskatuz.

Era berean, zuetako inor ez daiteke nire ikasle izan, daukazan guztiei uko egiten ez badeutse».