Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXXI. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Martin de Porres Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Apaldu egin eban bere burua,horregaitik, Jainkoak goratu egin eban.

Izan egizuez zeuekan Kristo Jesusi jagokozan asmoak:

Harek, Jainkoaren izaera bereko izanik,

ez eutsan gogor eutsi Jainkoagaz bardin izateari;

bestela baino, bere izaeraz hustu egin zan

morroi-izaerea hartuz,

eta beste edozein lez azalduz.

Eta, gizon lez agerturik,

apaldu egin eban bere burua,

menpeko eginez heriotzaraino,

kurutzeko heriotzaraino

Horregaitik, Jainkoak goratu egin eban

eta izen guztien gaineko izena emon eutsan,

Jesusen izenera belaun guztiak makurtu daitezan,

guztien belaunak makurtu daitezan,

zeruan, lurrean eta lurpean,

eta mihin guztiek autortu dagien:

Jesu Kristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.

R/ Zeugana nire goreskizuna, Jauna, batzar nagusian.

Beteko ditut neure promesak begirune deutsoenen aurrean.

Asetzeraino jango dabe behartsuek,

goratuko dabe Jauna beronen bila dabilzanek.

Bizi bedi zuen bihotza betiko! R/.

Gogoratuko dira eta Jaunagana bihurtuko

lurreko herri guztiak,

haren aurrean ahuspeztuko dira

herrietako familia guztiak. R/.

Haren aurrean ahuspeztuko dira

lurpean lo dagozan guztiak,

haren aurrean makurtuko

hilobiko hautsetara jaitsiak. R/.

Ni, ostera, Harentzat biziko naz,

nire ondorengoek Jauna zerbiduko dabe,

Haretaz berba egingo deutse datozan gizaldiei,

haren salbamen-egintza iragarriko deutso

sortzeko dagoan herriari:

«Holan jokatu dau Jaunak». R/.

Zoaz bideetara eta bidezidorretara, eta behartu egizuz sartzera, etxea bete daiten.

Aldi haretan, Jesusegaz mahaian egoan batek esan eutsan: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko jatorduan parte hartuko dauana».

Orduan, Jesusek esan eutsan: «Gizon batek afari handi bat emoten eban eta jente asko gonbidatu. Afarirako ordua heldu zanean, morroia bialdu eban gonbidatuei esatera: "Zatoze, prest dago dana". Baina bata bestearen ondoren aitzakiak jarten hasi ziran danak. Lehenengoak esan eutsan: "Soloa erosi dot, eta ikustera joan behar dot; parkatu, arren". Beste batek, barriz: "Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dot; parkatu, arren". Eta hurrengoak: "Ezkondu barria naz eta ez naiteke joan".

Bihurtu zan morroia eta guztiaren barri emon eutsan nagusiari. Etxeko nagusia biziro hasarratu zan eta esan eutsan morroiari: "Hoa bizkor herriko plaza eta kaleetan zehar, eta ekarri behartsu, elbarri, itsu eta herrenak". Geroago, morroiak esan eutsan: "Jauna, egin dot agindu dozuna, eta oraindino bada lekua". Orduan, nagusiak esan eutsan : "Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sartuazo jentea barrura, etxea bete dakidan. Egia esan, gonbidatu hareetako batek ere ez dau nire afaria dastatuko"».