Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIX. Asteko Asteazkena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Kristoren misterioa orain agertu da: ondare beraren kide dirala, hain zuzen, atzerritarrak ere.

Senideok: Jakingo dozue, ziur, Jainkoak bere ondonahian zuen onerako emon deustan eginkizuna, goi-agerpenez jakinazo deust-eta bere asmo ezkutua, goratxoago labur idatzi deutsuedanez. Hori irakurriz, bada, ikusi daikezue zelan ulertzen dodan Kristoren misterioa. Misterio hau ez jaken antzinako gizaldiei jakinazo; orain, ostera, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu deutse Jainkoak. Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Barrionari esker, jentilak Kristo Jesusegaz oinordekide dirala, Haregaz gorputz bat bera osatzen dabela eta agintzari beraren partaide dirala.

Barrion horren zerbitzari egin nau Jainkoak ondonahi hutsez, bere ahalmen indartsuaz emon deustan dohaiez. Niri, fededun guztien artean txikiena nazan honi, dohai hau emon jat: Kristoren neurri bako aberastasuna jentilei iragartea, eta guztiei argi adierazotea zelan doan beteten, Jainkoagan, gauza guztien egileagan, betidanik gordeta egoan asmo ezkutua. Holan, agirian jarten jake orain, Eleizearen bitartez, zeruetako aginte eta botereei Jainkoaren era askotako jakituria, Berak betidanik eban, eta Kristo Jesus gure Jaunagan burutu dauan asmoaren jakituria. Kristori esker eta Beronegan dogun sinesmenaren bitartez ausartzen gara konfiantza osoz Jainkoagana hurreratzen.

Atarako dozue ura pozik salbamenaren iturrietatik.

R/.

Atarako dozue ura pozik

salbamenaren iturrietatik.

V/.

Bai, Jainkoa dot salbatzaile!

Badot uste on eta ez naz bildur,

Jauna dot-eta indar eta kemen,

ha neure salbazino. R/.

V/.

Atarako dozue ura pozik

salbazinoaren iturrietatik.

«Eskerrak Jaunari, dei egin haren izenari,

iragarri haren egintzak herriei,

aldarrikatu zein bikaina dan haren izena. R/.

V/.

Kanta Jaunari, bikain jokatu dau-eta,

jakin begie honen barri mundu osoan.

Egin poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,

handikiro dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.

Asko emon jakonari asko eskatuko jako.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko dan jakingo baleu, ez leuke etxea zulatzen itziko. Egon prest zuek ere, gitxien uste dozuen orduan etorriko da-eta Gizonaren Semea».

Pedrok itaundu eutsan: «Jauna, guretzat ala guztientzat esan dozu parabola hau?» Jaunak erantzun: «Izan zaiteze etxezain leial eta zentzunduna lakoak, nagusiak bere orduan behar dan janaria banatzeko morroien buru ipini dauana lakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, heltzean, agindua egiten aurkitzen badau! Benetan dinotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko dau. Baina morroia, nagusiak luzatu egingo daualakoan, morroi-lagunak eta neskameak joten eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gitxien itxaroten dauan egunean eta gitxien uste dauan orduan etorriko jako nagusia eta zorrotz zigortuko dau eta desleialek merezi daben zoria emongo deutso

Nagusiaren nahia zein dan jakin arren, gauzak harek gura dituan lez eratzen edo egiten ez dituan morroiak zigor zorrotza izango dau; nagusiaren nahia zein dan jakin barik, zigorra merezi dauan zeredozer egiten dauanak, barriz, biguna. Asko emon jakonari, asko eskatuko jako; eta askoren kargua emon jakonari, are kontu handiagoa eskatuko».