Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIX. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Kristo da gure bakea; bat egin ditu Berak herri biak.

Senideok: Lehenago ez zenduen Mesiasik, ezta parterik ere Israel herriaren eskubideetan; ez zenduen zerikusirik Jainkoaren agintzari eta itunetan, eta itxaropen barik eta Jainko barik bizi zineen munduan.

Orain, barriz, Kristo Jesusegan zagoze. Sasoi batean urrun zineenok, hurreratu egin zaree Kristoren heriotzeari esker.

Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu Berak herri biak, bereizten ebazan hesia, areriotasuna, deseginez. Beraren gorputzean balio barik itzi dau Legea bere agindu eta arauekin, eta herri biekin gizadi barri bakarra sortu dau, bakeak eginez. Herri biak Jainkoagaz adiskidetu ditu eta kurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar batean alkartu, hareen arteko areriokeria beragan hondatuz.

Bere etorrereagaz bakearen Barriona ekarri eban: bakea zuei, urrun zineenoi, eta bakea hurrean ziranei; izan ere, bai batzuk eta bai besteok beraren bidez hurreratu gaitekez Aitagana Espiritu beragan alkarturik.

Ez zaree, beraz, arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baino eta Jainkoaren familiako, apostolu eta profeten oinarri gainean eregiak, Kristo Jesus bera giltzarri dala. Honegan ondo finkaturik, eregin osoa gora doa, tenplu santu bihurtzeraino Jaunagan. Honegan ereginaren parte zaree zuek ere besteekin batera, Espirituagan Jainkoaren bizileku bihurtzeraino.

R/ Jaunak bakea agintzen deutso bere herriari.

Entzungo dot Jainkoak dinoana:

Jaunak bakea agintzen deutse bere herriari eta fededunei.

Hurrean dabe salbazinoa begirune deutsoenek;

bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

Zorionekoak nagusiak, etortean, zuhur aurkitzen dituan mutilak!

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zagoze prest, jantziak loturik eta kruseiluak bizturik; izan zaiteze nagusia ezteguetatik noiz bihurtuko zain dagozan morroiak lakoak, heldu eta atea jo baizen laster edegiteko prest dagozan morroiak lakoak.

Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzean, zain aurkitzen baditu! Egia dinotsuet: jantziak aldaturik, mahaian jesarriazoko ditu eta zerbitzen hasiko jake. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta holan aurkitzen baditu, zorionekoak hareek!»