Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIX. Asteko Astelehena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Joan de Brebeuf, Isaac Jogues eta lagun santuak / Paulo de la Cruz Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Kristogaz batean biziazo ginduzan eta Haregaz batean zeruetan jesarriazo.

Senideok: Zuek hilda zengozen zeuen hutsegite eta pekatuakaitik, hori zan-eta zuen jokabidea sasoi batean, mundu honen joerei jarraituz: munduan agintzen daben indarren buruzagiaren menpeko zineen, jente errebeldeagan diharduan espirituaren menpeko. Gu guztiok ere holan bizi izan ginan lehen, geure giza grina txarrei jarraituz, geure grina eta burutapen gaiztoek agindutakoa eginez; izatez, guk ere zigorra merezi genduan, beste guztiek lez.

Baina errukian aberatsa dan Jainkoak holako maitasun neurribakoz maite izan gaitu, geure pekatuakaitik hilda gengozala, bizia emon euskun-eta Kristogaz batean —ondonahi hutsez salbatuak zagoze—; eta Kristo Jesusegaz batean berbiztu ginduzan eta zeruetan jesarriazo. Honan, Jesu Kristogan guretzat hain ona izanez agertu gura izan deutse datozan gizaldiei, zein ugaria eta eskuzabala dan beraren ondonahia.

Izan ere, ondonahi hutsez salbatuak zagoze fedearen bidez; eta hori ez dator zuekandik; Jainkoaren dohaia da; ez dator egiteetatik, inor harrotu ez daiten.

Izan ere, Jainkoak eginak gara; Berak sortu gaitu Kristo Jesusegan, on egiten ahalegindu gaitezan, Jainkoak guretzat aldez aurretik erabagi eban lez.

R/ Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari.

Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,

Jaunari zerbitzu alai egiozue,

haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze. R/.

Jakizue Jauna dala Jainko,

Berak egin gaitu, Berarenak gara,

Beraren herri eta larreko artalde. R/.

Sartu zaiteze ateetatik eskerrak emonez,

haren atarietan gorazarreka,

emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.

Onbera da-eta Jauna,

haren maitasuna betidaino,

haren leialtasuna mendeen mendeetaraino. R/.

Norentzat izango dira pilatu dozuzanak?

Aldi haretan, jente arteko batek esan eutsan Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nigaz erdibanatzeko».

Jesusek erantzun eutsan: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?» Eta jenteari esan eutsan: «Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez deutsoe-eta inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere».

Gero, parabola hau kontatu eutsen: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia emon eutsan. Eta honan hasi zan berekautan pentsetan: "Zer egin, ez daukot-eta uzta non jaso". Eta beretzat esan eban: "Badakit zer egin: garautegi zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hareetan jasoko ditut garia eta gainerakoak. Gero, esango deutsat neure buruari: "Ea, mutil! Badok hor gordeta urtetarako ondasunik nahiko; hartu atsedena, jan, edan eta bizi ondo!"

Baina Jainkoak esan eutsan: “Burubagea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar dok. Norentzat izango dok pilatu duana?"» Eta amaitu eban Jesusek: «Horra zer jazoten jakon, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilatzen dituanari».