Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zehar XXIX Igandea

Urtean Zehar Igandea A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Eskutik daroat Ziro, eta honek herriak menperatuko ditu.

Honan berba egiten deutso Jaunak Ziro erregeari,

Berak aukeratu eta sagaratuari:

«Eskutik heldu deutsut,

nazinoak zure menpean jarri

eta erregeei soinetik armak kentzeko;

zure aurrean urietako ateak

guztiz zabaltzeko.

Jakob neure zerbitzariagaitik,

Israel neure aukeratuagaitik

deitu deutsut zeure izenaz

eta ohorez bete zaitut,

zuk Ni ezagutzen ez nozun arren.

Neu naz Jauna, eta ez da besterik;

ez da jainkorik, Ni baino.

Aginpidez jantzi zaitut,

zuk Ni ezagutzen ez nozun arren,

sortaldetik sartaldera jakin dagien

ez dala inor Ni besterik.

Neu naz Jauna, eta ez da besterik».

R/ Goratu Jaunaren ospea eta indarra.

V/.

Kanta Jaunari kantu barria,

kanta Jaunari, lur osoa!

Zabaldu haren ospea nazinoetan,

haren mirariak herri guztietan. R/.

V/.

Handia da-eta Jauna, guztiz goragarria,

jainko guztien aldean bildurgarria.

Ez dira ezer atzerritarren jainko guztiak;

Jaunak, ostera, zeruak ditu egin. R/.

V/.

Goratu Jauna, munduko herriok,

goratu Jaunaren ospea eta indarra,

goratu Jaunaren izen ospetsua!

Sartu haren tenpluan eskeintzak eroanez. R/.

Gogora ekarten doguz zuen sinesmena, maitasuna eta itxaropena.

Paulo, Silvano eta Timoteok, Jainko Aitagaz eta Jesu Kristo Jaunagaz bat eginik dagoan Tesalonikako eleiz alkarteari: grazia eta bakea zuei.

Eskerrak emoten deutsaguz beti Jainkoari zuek guztiokaitik, gure otoitzetan gogoan zaituegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakartzagu eten barik zuen sinesmen ekintzailea, zuen maitasun fina eta Jesu Kristo gure Jaunagan dozuen itxaropen iraunkorra.

Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, Berak aukeratu zaituela. Izan ere, guk zuei iragarritako Barriona ez jatzuen berba hutsez emon, Espiritu Santuaren indar beteaz baino. Ondo dakizue zuen artean egin genduan guztia zuen onerako izan zala.

Emoiozue Zesarri Zesarrena, eta Jainkoari Jainkoarena.

Aldi haretan, fariseuek alkar hartu eben, Jesusi itaun bat eginez tranpea jarteko. Beraz, ikasle batzuk bialdu eutsoezan, Herodesen alderdikoekin, itauntzera: «Maisu, badakigu egiazale zarala eta Jainkoaren bidea behar dan lez irakasten dozula, Zuk ez deutsazu-eta begiratzen gizakiaren itxureari. Emoiguzu, bada, zeure iritzia: zilegi da Zesarri zerga ordaintzea ala ez?»

Jesusek, hareen maltzurkeria igarriz, esan eutsen: «Zergaitik zatorkidaze zirika, itxurazaleok? Ea, erakutsi zerga-txanpona». Hareek denario bat aurkeztu eutsoen. Jesusek itaundu eutsen: «Norenak dira irudi eta izen honeek?» Hareek erantzun: «Zesarrenak».

Jesusek, orduan: «Emon, bada, Zesarrena Zesarri, eta Jainkoarena Jainkoari».