Niri emon jatan grazia ezagutu eben.
Senideok: Hamalau urteren buruan, barriro Jerusalemera igon neban Bernabegaz, Tito ere neugaz neroiala. Goi-agerpen batek eraginda igon neban eta, hango zuzendariekin bakarrean batuta, jentilen artean iragarten dodan Barriona agertu neutsen; ez neban nahi oraingo edo orduko nire ahaleginak alperrekoak izatea.
Zuzendariek ikusi eben Jainkoak jentilei Barriona iragarteko aukeratu ninduala, Pedro juduei iragarteko aukeratu eban lez. Izan ere, Pedrori juduen apostolu izatera eragin eutsan Jainkoak berak eragin deust niri ere jentilen apostolu izatera.
Aintzat hartu eben, bada, Jainkoak niri emondako dohaia, eta alkarteko zutabetzat hartuak ziran Santiago, Pedro eta Joanek eskua emon euskuen Bernaberi eta bioi alkartasun-seinaletzat: guk jentilen artean lan egingo genduan eta hareek juduen artean. Hau besterik ez euskuen eskatu: gogoan izateko hango behartsuak, eta ni ardura osoz ahalegindu naz hori beteten.
Baina Pedro Antiokiara etorri zanean, gogor egin behar izan neutsan aurrez aurre, oker jokatu eban-eta. Izan ere, Santiagoren aldeko batzuk etorri aurretik, ez eban eragozpenik judu ez ziranakin jateko; baina, hareek etorri eta gero, atzera egin eban eta aparte egoten hasi zan, erdainkuntzearen aldeko ziranen bildurrez. Eta gainerako juduek ere jarraitu egin eutsoen itxurakeria horretan, Bernabe bera ere haretara jarri zala.
Beraz, Barrionaren egiaren bidetik zuzen ez ebilzala ohartu nintzanean, honan esan neutsan Pedrori danen aurrean: «Zu, judua izanik, jentil lez bizi bazara eta ez judu lez, zergaitik behartzen dozuz jentilak judu lez bizi izatera?»
R/ Zoaze mundu guztira, eta iragarri Barri Ona.
Goratu egizue Jauna, atzerri guztiak,
goretsi egizue, herri guztiak. R/.
Sendotu da-eta gugan bere maitasuna,
eta beti-betiko da Haren leialtasuna. R/.
Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten.
Aldi haretan, Jesusek otoitzean ziharduan leku batean; amaitu ebanean, bere ikasleetako batek esan eutsan: «Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi eutsen lez».
Jesusek esan eutsen: «Otoitz egitean, esaizue:
"Aita, santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
emoiguzu egunean eguneko ogia,
eta parkatu gure pekatuak
guk ere zor deuskuen guztiei
parkatzen deutsegun ezkero,
eta ez gu tentaldira eroan"».