Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXVII. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Bruno Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Bere Semea agertu eustan,Haren barri ona atzerritarrei emoteko.

Senideok: Ezaguna dozue, ziur, noizbaiteko nire jokabidea judaismoan: zein gogor pertsegitu neban Jainkoaren Eleizea, berau hondatu nahirik. Judaismoaren barruan, neure adineko herritar askori aurrea hartzen neutsan, gure asaben ohiturak beteten askoz sutsuago nintzan-eta.

Baina Jainkoak, jaio baino lehen bereizi eta bere ondoguraz dei egin eustanak, gogoko izan eban bere Semea niri agertzea, beronen Barriona jentilei iragarri nengien. Nik, orduan, ez neutsan hazur-maminezko inori aholkurik eskatu, ez neban ni baino lehenagotik apostolu ziranen bila Jerusalemera igon ere; behingoan Arabia aldera jo neban; gero, Damaskora bihurtu nintzan barriro.

Handik hiru urtera, Pedro ezagutzera Jerusalemera igon eta hamabost egun egin nituan beragaz. Beste apostolurik ez neban ikusi, Jaunaren anaia Santiago izan ezik.

Jainkoa dot testigu ez dinodala guzurrik, idazten deutsuedan honetan.

Gero, Siria eta Zilizia eskualdeetara joan nintzan. Judeako Kristoren eleiz alkarteek ez ninduen oraindino begiz ezagutzen. Entzun, bai, entzuna eben lehengo pertsegitzaile harek, sasoi batean hondatu gura eban sinesmena zabaltzen ziharduala orain. Eta Jainkoa goresten eben nigaitik.

R/ Gidatu ni, Jauna, betiko bidetik.

V/. Jauna, Zuk aztertzen nozu eta ezagutzen,

badakizu noiz jesartzen nazan eta noiz jagitzen.

Urrunetik sumatzen dozuz nire asmoak;

ohartzen zara noiz nabilen eta noiz natzan,

zehatz ezagutzen dozuz nire ibilbide guztiak. R/.

V/. Zuk eratu deustazu barrua,

amaren sabelean eiho nozu.

Eskerrak Zuri, harrigarriro egin nozulako,

miresgarriak dira zure egintzak! R/.

V/. Barru-barruraino ezagutzen ninduzun,

nire hazur-maminak ez ziran Zuretzat ezkutu,

isilpean eratzen nenbilela,

lurraren barruan ehunduz ninoiala. R/.

Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz

Aldi haretan, sartu zan Jesus herritxo baten, eta Marta eritzon emakume batek bere etxean hartu eban. Baeban honek Maria izeneko aizta bat; eta hau Jaunaren oinetan jarrita, Haren berbea entzuten egoan.

Martak, barriz, baeukan nahiko lan etxeko zereginetan; eta, aurrean jarri eta esan eutsan Jesusi: “Jauna, ez ete deutsu bape ardura, nire aizteak ni lanean bakarrik izteak? Esaiozu niri laguntzeko”. Eta Jaunak erantzun: “Marta, Marta, estu eta larri zabilz zu gauza askogaz; eta bat bakarra izan beharrezkoa. Mariak alderik onena aukeratu dau, eta ez jako hoti kenduko”.