Barri ona ez dot, ez hartu, ez ikasi, gizakiakandik, Jesu Kristoren agerpenez baino.
Senideok: Harrituta nago, Kristoren ondonahiaz dei egin eutsuenagandik aldendu eta beste barrion batera zeinen bizkor aldatu zareen ikusiz. Ez dago, ostera, beste barrionik; baina badabilz hor norbaitzuk zuek nahasten, Kristoren Barriona goitik behera irauli guran.
Beraz, norbaitek, gu geu nahiz zeruko aingeruren bat izanik ere, iragarri geuntsuena ez dan beste barrionik iragarten badeutsue, izan bedi madarikatua! Lehen ere esan neutsuena dinotsuet orain barriro: madarikatua, hartu dozuen Barriona ez dan beste bat iragarten deutsuena!
Gizakien onespena bilatzen ete dot ala Jainkoarena? Gizakiei atsegin emoten ahalegintzen ete naz? Oraindino gizakiei atsegin emon nahian banenbil, ez nintzateke Kristoren zerbitzaria izango.
Jakin behar dozue nik iragarri deutsuedan Barriona ez dala gizakien asmakizuna, ez dot-eta inongo gizakirengandik hartu edo ikasi; Jesu Kristok agertu eustan.
R/ Betidaino gomutauko jake Jauna bere itunaz.
Bihotz-bihotzez emoten deutsadaz eskerrak Jaunari,
zintzoekin batera batzarrean alkarturik.
Jaunak eginak handi dira,
gogoko dabezan guztientzat aztergai. R/.
Haren egintzak leial eta zintzo dira,
haren lege guztiak fidagarri,
beti-betiko ezarriak,
leial eta zuzen eratuak. R/.
Askatasuna emon deutso bere herriari,
betiko ezarri dau bere ituna:
santua eta bildurgarria da haren izena.
Betiko dirau Jaunaren gorespenak. R/.
Nor dot nik nire lagun hurko?
Aldi haretan, lege-maisu batek jagi eta azpikeriaz itaundu eutsan Jesusi: «Maisu, zer egin behar dot ondaretzat betiko bizia jasoteko?» Jesusek esan eutsan: «Zer dago idatzita Moisesen legean? Zer irakurten dozu?»
Harek erantzun: «Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz; eta lagun hurkoa zeure burua lez». Jesusek erantzun eutsan: «Ederto erantzun dozu. Bete hori eta bizia izango dozu». Baina, lege-maisuak, itaun bidezkoa zala adierazo nahirik, esan eutsan Jesusi: «Eta nor da nire lagun hurkoa?»
Jesusek, orduan: «Behin batean, gizon bat joian Jerusalemetik behera Jerikorantz, eta lapurren eskuetan jausi zan. Lapurrek eukazanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin eben, erdi hilik itziz.
Hain zuzen, abade bat etorren bide haretan behera eta, gizona ikusi ebanean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban. Beste horrenbeste egin eban handik igaro zan tenpluko levitar batek ere: ikustean, bidetik baztertu eta aurrera jo eban.
Baina bidaian zan samariar bat bertara heldu eta, ha ikustean, errukitu egin jakon. Hurreratu eta zauriak lotu eutsazan, orioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean jarri, ostatura eroan eta bere ardurapean hartu eban. Biharamunean, zidarrezko txanpon bi atara eta ostalariari emon eutsazan, esanez: "Zaindu egizu eta, gehiago gastatzen badozu, hurrengoan natorrenean ordainduko deutsut".
Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu eban lagun hurko lez lapurren eskuetan jausitako gizonagaz?» Lege-maisuak erantzun eutsan: «Haretaz errukitu zanak». Jesusek esan eutsan, orduan: «Zoaz eta egin zeuk ere beste horrenbeste».