Jaunak emon deust, Jaunak kendu; bedeinkatua Jaunaren izena.
Egun baten, Jaunaren aurrera aurkeztu ziran Jainkoaren zeruko zerbitzariak, eta Satan ere han zan. Jaunak esan eutsan Satani: «Nondik zatoz?» Harek erantzun: «Hara eta hona ibili naz munduan zehar».
Jaunak itaundu eutsan: «Ikusi al dozu Job nire zerbitzaria? Ez dau parekorik munduan: gizon zintzo eta zuzena, Jainkoa errespetatzen dauana eta gaiztakeriatik urrun dabilena».
Satanek erantzun eutsan: «Hutsaren truke errespetatzen zaituelakoan ala? Ez al dozuz, bada, zeuk babesten bera, beraren etxea eta daukon guztia? Egiten dauan guztia bedeinkatzen deutsazu, eta abereak ugaritzen jakoz herrialdean. Baina luzatu eskua eta ikutu egizuz haren ondasunak; baietz madarikatu aurpegira!»
Jaunak esan eutsan Satani: «Konforme! Zeure esku dozuz haren ondasun guztiak, baina ez gero bera ikutu». Eta urten eban Satanek Jaunaren aurretik.
Egun baten, Joben seme-alabak bazkaltzen ziharduen anaia zaharrenaren etxean.
Etorri jakon mezulari bat Jobi eta esan eutsan: «Idiek goldaketan ziharduen eta astemeak larrean inguruan. Sabeo-talde batek bat-batean etorri, morroiak hil eta ganadua eroan dau. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dot, zuri barria emoteko».
Artean berbetan ziharduala, beste bat etorri zan eta esan eutsan: «Tximistea jausi da zerutik, eta ardiak eta artzainak kiskaldu ditu. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dot, zuri barria emoteko».
Harek amaitu baino lehen, beste bat etorri zan eta esan eutsan: «Kaldear batzuek, hiru taldetan, zure gameluetara amildu eta eroan egin dabez, eta morroiak hil. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dot, zuri barria emoteko».
Oraindino berbetan ziharduala, beste bat etorri zan eta esan eutsan: «Zure seme-alabek anaia zaharrenaren etxean bazkaltzen ziharduela, basamortutik etorritako haize-eraso gogorrak lau aldeetatik astindu dau etxea. Etxea jausi egin da eta guztiak hil dira. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dot, zuri barria emoteko».
Orduan, jagi, bere jantzia urratu eta ulea zehatz ebagi eban Jobek. Gero, lurreraino ahuspeztu eta esan eban:
«Biluzik urten neban amaren sabeletik,
biluzik bihurtuko naz lurraren sabelera.
Jaunak emon deust eta Jaunak kendu.
Bedeinkatua Jaunaren izena!»
Holan eta guztiz, Jobek ez eban pekaturik egin eta ez eutsan Jainkoari bidebakokeriarik ezarri.
R/ Bihurtu nigana belarria, entzun nire berbea.
V/. Entzun, Jauna, nire justizi eskea,
aditu nire deadarra;
makurtu belarria nire otoitzera,
ez dot engainurik ezpanetan. R/.
V/. Emon egizu nire aldeko epaia,
ikusi begie zure begiek nire zuzentasuna.
Aztertu nire barrua, ikertu gauez be,
probatu suaz; ez dozu nigan okerrik aurkituko;
nire ahoak ez dau huts egin. R/.
V/. Deika nozu, Jainko, erantzuten deustazu-eta;
bihurtu nigana belarria, entzun nire berbea.
Agertu egizu zeure maitasun harrigarria,
erasotzaileengandik salbatzen dozuz-eta
zure esku ahaltsuan babesten diranak. R/.
Zuen artean txikiena dana, hori da handiena.
Aldi haretan, eztabaidea sortu zan ikasleen artean, nor ete zan euren artean handiena.
Igarri eutsezan Jesusek euren burutazinoak eta, umetxo bat hartu, hareen ondoan jarri eta esan eutsen: «Ume hau nire izenean onartzen dauanak Neu onartzen nau, eta Ni onartzen nauanak bialdu nauan Ha onartzen dau. Izan ere zuetan txikiena, horixe da-eta handiena».
Orduan, Joanek esan eutsan: «Maisu, gizon bat ikusi dogu zure izenean deabruak botaten, eta galazo egin gura izan deutsagu, ez da-eta gure taldekoa».
Baina Jesusek erantzun eutsan: «Ez galazo, izan ere zuen aurka ez dagoana zuen alde dago-eta.».