Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zehar XXVI Igandea

Urtean Zehar Igandea A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Gaiztoak, egindako pekatua damu dauanean, berak biziazoten dau bere burua.

Honan berba egiten dau Jainko Jaunak:

«Zuek dinozue: "Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea".

Entzun, bada, israeldarrok:

Nire jokabidea bidezkoa ez dala?

Ez ete da zuena bidezkoa ez dana?

Zintzoa, bere zuzentasunetik aldendu,

txarkeria egin eta hilten bada,

egin dauan txarkeriagaitik hilten da.

Eta gaiztoak, egin dauan gaiztakeriatik aldendu

eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badau,

bizirik iraungo dau.

Egindako txarkeriez ohartu

eta hareetatik aldentzen bada,

biziko da, bai, eta ez da hilgo».

R/ Erakutsi niri, Jauna, zeure bideak.

V/.

Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,

erakutsi zeure bidezidorrak.

Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,

Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.

V/.

Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna,

betidanikoak dira-eta.

Gogoratu nitaz zeure maitasunean,

zeure ontasunari dagokionez, Jauna. R/.

V/.

Ona eta zuzena da Jauna,

bidea erakusten deutse pekatariei.

Apalak zuzenbidez daroaz,

bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

Izan egizuez zeuengan Kristo Jesusi dagokiozan asmoak.

S

ENIDEOK: Egia bada Kristok adore emoten deutsuela eta maitasunak

kementsu egiten zaituela, egia bada Espirituagan bat eginik bizi zariela eta

bihozbera eta errukitsu zariela, bete nagizue pozez, danok eretxi eta sentiera

bereko izanez, alkar maitatuz eta ondo hartuz. Ez egin ezer norgehiagokeriaz

edota harrokeriaz, apaltasunez baino, besteak norbera baino hobeak dirala

pentsatuz; ez norberaren onari bakarrik begiratuz, besteena be bilatuz baino.

Izan egizuez zeuengan Kristo Jesusi dagokiozan asmoak.

Jaunak esana.

Damutu eta joan egin zan. Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago datoz Jainkoaren erreinura.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen abadeburu eta herriko zaharrei: «Zuek zer deritzozue? Gizon batek seme bi ebazan, eta bategana joan eta esan eutsan: "Seme, zoaz gaur mahastira, lanera". Harek erantzun: "Ez dot gura". Baina gero damutu eta joan egin zan. Besteagana ere joan eta gauza bera esan eutsan. Eta harek erantzun: "Banoa, jauna"; baina ez zan joan. Bietan zeinek egin eban aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun eutsoen.

Orduan, Jesusek esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. Izan ere, etorri jatzuen Joan Bateatzailea Jainkoaren nahiari jagokon jokabidea iragarriz, eta ez zeuntsoen sinestu; zergalariek eta emagalduek, barriz, sinestu egin eutsoen. Zuek, ostera, ikusi eta gero ere, ez zineen bihozbarritu, hari sinesteko».