Eguzkipean ez da ezer barririk.
Huskeria hutsa dino Koheletek,
huskeria hutsa, dana da huskeria.
Zer irabazi ataraten dau gizakiak,
eguzkipean hartzen dituan neke-lan guztietatik?
Belaunaldiak joan, belaunaldiak etorri,
munduak mundu dirau.
Sortzen da eguzkia eta sartzen,
eta bere tokira bihurtzen da,
handik barriro urteteko.
Joten dau haizeak hegoalderantz,
egiten dau jira iparralderantz;
batera jo, bestera jo,
eta jira-biraka hasten da barriro.
Ibai guztiak itsasora doaz
eta itsasoak ez dau gainez egiten;
ibaiak, nora doazan, harantz dira
behin eta barriro joaten,
bide bera eginez.
Ezin inork nahiko esan
zeinen aspergarri dan guztia.
Ez da begia ikustez aspertzen,
ez belarria entzutez asetzen.
Lehen izan zana izango da barriro,
lehen egina egingo da gero ere.
Ezer ez barririk eguzkipean.
Zerbaitetaz esan baledi:
«Horra, hori bai barria!»,
hori ere jazotakoa da
gure aurreko gizaldietan.
Ez gara gogoratzen antzinakoez;
holantxe gerokoez ere,
ez dira gogoratuko geroago izango diranak.
R/ Jauna, gure ihesleku Zeu izan zara.
Gizakia hautsera bihurtuazoten dozu,
esanez: «Bihurtu lehenera, gizakiok».
Bai, mila urte zure begietan
atzo igaro zan eguna adina,
gaualdi bat adina. R/.
Hor daroazuz gizakiak,
amesa lez dira;
ernetzen dira goizean bedarra lez:
goizean erne eta loratzen da-eta,
arratsaldean zimeldu eta ihartzen. R/.
Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten,
zuhurtasunaren muinaz jabetu gaitezan.
Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte?
Errukitu zaitez zeure zerbitzariez. R/.
Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz,
poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.
Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna
eta sendotu begi Harek gure eskuen lana;
sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.
Joani nik samea ebagi neutsan; nor da, beraz, holakoak egiten ei dituan Hori?
Aldi haretan, jakin eban Herodes agintariak jazoten zan guztia, eta zer pentsau ez ekiala egoan. Batzuek Joan Bateatzailea hilen artetik biztu zala inoen; beste batzuek Elias profetea agertu zala; beste batzuek, barriz, antzinako profetaren bat biztu zala.
Herodesek, ostera, honan inoan: «Joani neuk ebagi neutsan samea. Nor da, beraz, Hau, holakoak entzuten ditut-eta Beroni buruz?» Eta Jesus ezagutzeko egokiera bila ebilen.