Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao Egunaren Irakurgaiak
Gaur

Urtean Zehar XXV Igandea

Urtean Zehar Igandea A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Nire asmoak ez dira zuen asmoak.

Bilatu egizue Jauna, aurkitu daikezuen artean,

dei egiozue, hur dagoan artean.

Itzi begi gaiztoak bere bidea,

gaizkileak bere asmo txarrak.

Bihurtu daitela Jaunagana,

errukiz hartuko dau-eta;

bihurtu gure Jainkoagana,

guztiz parkabera da-eta.

Hau dino Jaunak:

"Nire asmoak ez dira zuenak lakoak,

ezta zuen jokabideak ere nireak lakoak.

Zelan zerua lurraren gainetik garai,

holantxe nire jokabideak zuenen gainetik

eta nire asmoak zuenen gainetik".

R/ Bertan dago Jauna deitzen deutsoenakandik.

Egunero zaitut bedeinkatuko,

zure izena goratuko beti.

Handia da Jauna, guztiz goresgarria,

haren handitasuna mugarik bakoa. R/.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,

haserregaitza eta ondoguraz betea.

Ona da Jauna guztientzat,

errukiz betea bere sorkari guztientzat.

Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,

leiala egintza guztietan.

Bertan dago Jauna dei egiten deutsoenakandik,

benetan dei egiten ddeutsoen guztiakandik. R/.

Niretzat, bizitzea Kristo da.

Senideok: Ni bizi nahiz hil, Kristok bere handitasuna agertuko dau nigan. Izan ere, niretzat, bizitzea Kristo da eta hiltea irabazpide. Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal badot, ez dakit nik zer aukeratu.

Alde bietatik nago estu: batetik, hil egin gura neuke, Kristogaz egoteko; niretzat hau askoz hobea dala; baina bestetik bizitzen jarraitzea beharrezkoagoa da zuentzat.

Hauxe bakarrik eskatzen deutsuet: bizi zaitezala Kristoren Barrionari jagokon lez.

Bekaizti izan behar al dozu zuk, ni eskuzabala nazalako?

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz mahasti-nagusiagaz lez jazoten da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila urten eban. Eguneko zidarrezko txanpon batean berbatu ondoren, mahastira bialdu ebazan langileak.

Goizeko bederatziak aldera barriro urten eban eta, beste batzuk plazan lan zain ikusirik, esan eutsen: "Zoaze zuek ere nire mahastira eta ordainduko deutsuet bidezko dana". Eta hareek ere joan egin ziran. Urten eban barriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin eban. Arratsaldeko bostak aldera ere urten eban eta, beste batzuk oraindino geldi aurkiturik, esan eutsen: "Zertan zagoze hemen egun osoan lanik egin barik?" Hareek erantzun eutsoen: "Ez gaitu inork lanerako hartu". Harek, orduan: "Zoaze zuek ere nire mahastira".

Iluntzean mahasti-nagusiak esan eutsan arduradunari: "Deitu langileei, eta emoiozu bakotxari bere soldatea, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara". Etorri ziran, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zidarrezko txanpon bana hartu eben. Lehenengo ordukoek, txandea heldu jakenean, besteek baino gehiago hartuko ebela uste eben; baina hareek ere zidarrezko txanpon bana hartu eben.

Orduan, nagusiaren kontra txarto-esaka hasi ziran, eta esan eutsoen: "Azkeneko honeek ez dabe ordubete besterik lan egin, eta gugaz bardindu dozuz, egun guztiko nekea eta beroa jasan dogunokin". Baina nagusiak erantzun eutsan hareetako bati: "Adiskide, ez deutsut bidebakokeriarik egiten. Ez al ginan zidarrezko txanpon batean berbatu? Hartu dagokizuna eta zoaz. Zuri beste emon gura deutsat azkeneko honi ere. Ezin ete dot neure diruaz nahi dodana egin? Ala inbidia dozu, ni ona nazalako?"

Holan, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».