Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIV. Asteko Larunbata

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Jenaro gotzaina eta martiria (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Ustelkorra ereiten da, eta ustelezina biztuten.

Senideok: Norbaitek itaundu daike: «Eta hildakoak zelan biztuten dira? Zelako gorputzez bihurtuko dira bizira?» Zentzun bako hori, zuk ereiten dozuna ez da erneten aurrez hilten ez bada. Eta ereiten dozuna ez da gero haziko dan landarea, hazi hutsa baino, gari-hazia nahiz beste edozein hazi izan.

Hildakoen biztuerakoan ere gauza bera jazoko da: ereiten dana ustelkorra da, biztuten dana ustelezina; ereiten dana mespretxagarria, biztuten dana ospetsua; ereiten dana ahula, biztuten dana indartsua; haragizko gorputza ereiten da, eta espirituzkoa biztuten; haragizko gorputzik badan lez, espirituzkoa ere bada. Honan dino, hain zuzen, Liburu Santuak: «Lehenengo gizakia, Adam, izaki biziduna izan zan»; azkenengo Adam, barriz, Espiritu bizi-emoile.

Ez zan espirituzkoa izan lehenengoa, haragizkoa baino; espirituzkoa ondoren dator. Lehenengo gizakia lurreko hautsetik hartutakoa izan zan; bigarrena, barriz, zerutik dator. Lurtarra, Adam, lurtarren eredua da; zerutarra, Kristo, zerutarren eredua.

Eta lurtarraren irudiko garan lez, zerutarraren irudiko ere izango gara.

R/ Ibiliko naz Jainkoaren aurrean bizien argitan.

Nik Zuri deitu eta arerioek atzera egitean,

orduan jakingo dot neure alde dodala Jainkoa. R/.

Jainkoaren promesea goratzen dot,

Jaunaren agintzaria goratzen,

Jainkoagan dot konfiantzea,

ez naz ezeren bildur:

zer egingo deust gizaki hutsak? R/.

Ene Jainko, egin neutsuzan promesei deutset eutsiko

eta esker onez ditut beteko.

Bizia libratu deustazu-eta heriotzatik,

oinak jaustetik,

zure aurrean ibili naiten, oi Jainko,

biziaren argitan. R/.

Lur onean jausitakoak bihotz on eta aberatsean berbea entzuten eta gordeten dabenak dira, eta gero ekinaren ekinez alea emoten dabenak.

Aldi haretan, herri guztietatik jentetza handia batu jakon batean, Jesusek parabola hau esan eutsen: «Behin batean, urten eban ereileak hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta zapaldu egin ebezan eta txoriek jan. Beste batzuk harri artean jausi ziran eta, erne orduko, ihartu egin ziran, hezetasunik ez ebelako. Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haregaz batera ernerik, ito egin eben hazia. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta erne eta bateko ehun emon eben frutua».

Hau esanik, honan egin eban oihu: «Entzuteko belarririk dauanak entzun begi».

Orduan, parabola honek zer esan gura eban itaundu eutsoen ikasleek Jesusi.

Honek erantzun eutsen: «Zuei emon jatzue Jainkoaren erreinuaren misterioak ezagutzea; besteei, ostera, parabola bidez berba egiten deutset. Holan, begiratzen dabe, baina ikusten ez; entzuten dabe, baina ulertzen ez.

Hona hemen, bada, parabolearen esanahia: Hazia Jainkoaren berbea da. Bide bazterreko hazia lakoak honeek dira: berbea entzuten dabenak, baina deabrua etorten jake eta kendu egiten deutse berbea euren bihotzetik, sinestu eta salbatu ez daitezan. Harri arteko hazia lakoak honeek dira: berbea entzutean pozik hartzen dabenak; baina, zuztar bakoak izanik, denboraldi batean sinesten dabe, baina tentaldi-sasoian atzera egiten dabe. Sasi artean jausitako hazia lakoak, barriz, honeek dira: berbea entzuten dabenak, baina bizitzako ardura, diru eta atseginen artean itota gelditzen dira eta ez dira heltzen frutua emotera.

Lur oneko hazia lakoak honeek dira: berbea bihotz on eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez frutua emoten dabenak».