Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIV. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
Roberto Belarmino Santua (Nahitaezko Oroitzapena)
🔍 Bilatu

Hau iragarten dogu, eta zuek hori sinesten dozue.

Senideok: Irakatsi neutsuen Barriona gogorazoten deutsuet. Zuek onartu egin zenduen, horretan sendo oinarrituak zagoze eta salbatu ere horrexek salbatzen zaitue, nik iragarri neutsuen lez eusten badeutsazue. Bestela, alperrik sinestuko zenduen.

Neuk hartu nebana bera eskualdatu neutsuen lehenengo, hau da, Kristo gure pekatuakaitik hil zala, Liburu Santuek esan eben lez; hobiratu egin ebela eta hirugarren egunean biztu egin zala, Liburu Santuek esan eben lez; Pedrori agertu jakola, eta ondoren Hamabiei; gero, bostehun eta gehiago senideri agertu jaken batera —horreetako gehienak bizirik dagoz oraindino, batzuk hil badira ere—; gero, Santiagori agertu jakon, ondoren apostolu guztiei.

Beste guztiei agertu ondoren, neuri ere agertu jatan, sasoia baino lehen jaiotako ume lakoa nazan honi.

Izan ere, apostoluetan txikiena naz ni, apostolu-izenik ere merezidu ez dauana, Jainkoaren Eleizea pertsegitu neban-eta. Baina Jainkoak bere graziaz egin nau nazan hau, eta haren grazia ez da nigan frutu barik izan: beste apostolu guztiek baino lan gehiago egin dot, izan ere; ez, nik, Jainkoak nigaz bere graziaz baino.

Holan, bada, bai hareek eta bai nik, horixe da iragarten dogun mezua, eta horixe zuek sinestu dozuena.

R/ Eskerrak Jaunari, ona da-eta.

V/. Eskerrak Jaunari, ona da-eta,

haren maitasuna betikoa da-eta.

Esan begie israeldarrek:

haren maitasuna betikoa. R/.

V/. Jaunaren eskuma guztiz garaia da,

Jaunaren eskumeak indarrez jokatu dau».

Ez naz hilko, ez, bizi baino,

Jaunaren egintzak kontatzeko. R/.

V/. Zeu zara nire Jainko, eskerrak Zuri!

Gora Zu, ene Jainko hori! R/.

Asko maite izan dau, eta parkatu ere pekaturik asko parkatzen jako.

Aldi haretan, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu eban Jesus. Joan zan, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zan.

Honetan, emakume bat, herrian pekatari lez ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zala jakinik, bertara joan zan, harzurizko ontzi bat ukendu eroiala. Jesusen atzean, oinen ondoan, jarri zan negarrez, eta oinak malkoz bustiten hasi jakon; gero, uleaz sikatu eta musu emon ondoren, ukenduz igurtzi eutsazan.

Hau ikusirik, gonbidatu eban fariseuak berekautan inoan: «Benetan profetea balitz, jakin behar leuke zer-zelakoa dan ikutzen jabilkon emakumea, pekataria da-eta».

Jesusek esan eutsan: «Simon, badot zeredozer zuri esateko». Harek erantzun: «Esaizu, Maisu».

«Diru-mailegatzaile batek zordun bi ebazan: batak bostehun denario zor eutsazan eta besteak berrogeita hamar. Nondik ordaindu ez ebela, parkatu egin eutsen biei. Bietako zeinek izango ete dau maiteen?» Simonek erantzun eutsan: «Gehien parkatu jakonak, nik uste». Jesusek esan eutsan: «Zuzen dinozu».

Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan eutsan: «Ikusten al dozu emakume hau? Zuenean sartu naizenean, zuk ez deustazu oinak garbitzeko urik emon; honek, barriz, malkoz busti deustaz oinak eta bere uleaz sikatu. Zuk ez nozu musu emonez agurtu; hau, barriz, sartu danetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez deustazu burua orioz igurtzi; honek, barriz, oinak ukenduz igurtzi deustaz. Hau dinotsut, beraz: hainbesteko maitasuna agertzen dauanean, pekatu asko parkatu jakon seinalea da; gitxi parkatu jakonak maitasun gitxi agertzen dau». Eta emakumeari esan eutsan: «Parkatuak dozuz pekatuak».

Beste bazkaltiarrak euren artean esaten hasi ziran: «Nor ete dogu pekatuak parkatu ere egiten dituan Hau?»

Baina Jesusek esan eutsan emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu. Zoaz bakean».