Sinesmenak, itxaropenak, maitasunak: hiru honeek diraue; baina, hiruretan maitasuna da nagusi.
Senideok: Gura egizuez dohairik onenak. Eta orain bide bikainagoa adierazo gura deutsuet. Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzetan berba egin, maitasunik ez badot, brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naz. Nahiz eta profezia dohaia izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badot, ez naiz ezer. Dodan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emonda ere, maitasunik ez badot, ez deust ezertarako balio.
Maitasuna eroan onekoa eta bihozbera da; ez dau bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuzkeriarik. Ez da lotsabakoa, ez berekoia, ez hasarrekorra; kaltea ez dau gogoan hartzen. Ez da bidebakokeriaz pozten; egian pozten da. Maitasunak dana parkatzen dau, dana sinesten, dana itxaroten, dana ondo eroaten.
Maitasuna ez da sekula amatetan. Profezia dohaia desagertu egingo da, hizketa arrotzez berba egitea amaitu, jakintza ere desagertu. Erdizkakoa da-eta gure ezaguerea, erdizkakoa gure profezia; eta, bete-betekoa heltzean, desagertu egingo da erdizkakoa. Ume nintzanean, ume lez egiten neban berba, ume lez sentitzen neban, ume lez pentsetan. Gizon egin nazanean, itzi egin ditut ume-gauzak. Orain dana ilun ikusten dogu, ispiluan lez; orduan, aurrez aurre ikusiko dogu. Orain erdizka ezagutzen dot; orduan, oso-osoan ezagutuko dot, Jainkoak ni ezagutzen nauan lez.
Hiru gauza doguz oraindino, iraunkor diranak: sinesmena, itxaropena eta maitasuna; baina hiruretan handiena maitasuna da.
R/ Bai dohatsu,Jaunak bere oinorde hautatu dauan herria!
Ospatu Jauna zitaraz,
jo Harentzat hamar hariko harpea.
Kantatu egiozue kantu barria,
jo trebetasunez irrintzi eginez. R/.
Zuzena da-eta Jaunaren berbea,
fidagarria Harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea ditu maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra beteta. R/.
Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
Harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan jarrita dogu-eta itxaropena. R/.
Soinua joten dogu eta ez dozue dantzarik egiten, hiletak kantatzen doguz eta ez dozue negarrik egiten.
Aldi haretan, Jesusek esan eban: «Nogaz konparatuko neuke gizaldi honetako jentea? Noren antzekoa da? Plazan jesarrita dagozan umeen antzekoa da, honan oihu egiten deutsee-eta batzuek besteei:
"Soinua jo deutsuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek negarrik ez".
Izan ere, etorri da Joan Bateatzailea, ez ogirik jan ez ardorik edan egiten ez ebala, eta deabruak hartuta dagoala esaten dozue. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten dauala, eta honan dinozue: "A zelako tripontzia eta mozkorra, zergalari eta pekatarien adiskidea". Baina Bera onartzen dabenek arrazoia emon deutsoe Jainkoaren jakituriari».