Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIII. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Guztientzat guztia egin naz, Zelan edo halan norbaitzuk irabazteko.

Senideok: Barriona iragarten dodala-eta, ezin naz harrotu; ezinbestean dagokidan eginbeharra dot-eta hori, eta errukarri ni, Barriona iragarriko ez baneu!

Barriona neure gogoz iragarriko baneu, mereziko neuke saria; baina nik nahi izan barik ezarri deusten eginkizuna beteten badihardut, zer sari zor jat orduan? Hauxe bakarrik: Barriona dohainik iragartea, Barrionaren zerbitzutik jatorkidazan eskubideetaz baliatu barik.

Guztiz libre nazan arren, guztien esklabo egin naz, ahalik jente gehien Kristorentzat irabazteko. Ahul diranakin ahul egin naz, ahulak irabazteko. Guztiakana ahalik eta gehien egokitzen ahalegindu naz, zelan edo halan batzuen batzuk salbatzeko. Eta guztia Barrioanagaitik egiten dot, Barrion horretan neuk ere parte izan dagidan.

Ez al dakizue kiroldegian partaide guztiek egiten dabela lasterka, baina saria batek bakarrik jasoten dauala? Beraz, egizue lasterka, irabazteko eran. Atletek diziplina gogorra ezarten deutsoe euren buruari, eta hori, zimeltzen dan koroia irabazteko; guk, ostera, zimeltzen ez dana irabazteko. Nik ere holan dihardut; ez lasterka itsu-itsuan egiten dauana edota ukabilkadak hutsean joten dituan burrukalaria lez; neure gorputza hezi eta menpean jarten dot, besteei irakatsi ondoren neu baztertua geratu ez naiten.

R/ Zure etxea, gudari-taldeen Jauna, bai maitagarri dala!

Makaltzen dihardut barrua,

Jaunaren tenpluko atarien gogo biziz.

Nire bihotz eta gorputzak

poz-oihu dagioe Jainko biziari. R/.

Txoriak ere aurkitu dau etxea,

baita enarak ere kumeentzat habia:

zure altareak, Jaun ahalguztiduna,

ene Errege eta ene Jainkoa! R/.

Zorionekoak zure etxean bizi diranak

eten barik Zu goratzen!

Zorionekoak euren indarra Zugan dabenak,

erromesaldiak gogoan erabiltean! R/.

Gainez gain doaz,

eta jainkoen Jainkoa agertzen jake Sionen.

Hobe da egun bat zure atarietan,

nire etxean mila baino;

gurago dot Jainkoaren etxeko ate ondoan egon,

gaiztoen etxepean bizi baino. R/.

Itsu bat jarri al daiteke beste baten itsu-aurreko?

Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Izan ete daiteke itsua itsuaren gidari ? Ez ete dira biak zulora jausiko? Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea bere irakaslea adina izango da.

Zelan ikusten dozu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko habeaz ohartzen ez? Zelan esan daikeozu senideari: "Adiskide, itzi egidazu begian dozun lasto-izpia ataraten", zeuk zeurean dozun habea ikusten ez dozula?

Itxurazale halako hori! Atara lehenengo zeure begitik habea, eta orduan ikusiko dozu garbi, senidearen begitik lasto-izpia atarateko.

Ez da zuhaitz onik frutu txarra emoten dauanik, ezta zuhaitz txarrik ere frutu ona emoten dauanik. Bere frutuetatik igarten jako zuhaitzari; elorritik ez da pikurik batzen, ezta sasitik ere mahatsik hartzen. Ona danak ona ataraten dau bere barruko ondasun-altxorretik, eta gaiztoak txarra bere gaiztakeria altxorretik; ahoak esan, bihotzari gainezka darionetik esaten dau-eta».