Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXIII. Asteko Osteguna

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Senideen bihotz ahula zaurituz,Kristoren kontra egiten dozue pekatu.

Senideok: Jakintzak puztu egiten dau, maitasunak eregi. Zeredozer dakialakoan dagoanak ez dau oraindino behar lako ezagutzarik. Jainkoa maite dauana, barriz, ezagutzen dau Jainkoak.

Beraz, zer esan sasijainkoei eskeinitako haragia jateaz? Badakigu sasijainkoak ez dirala ezer ere munduan, eta Jainkoa bat besterik ez dala. Jainko deituak zeruan nahiz lurrean asko izan arren —eta holako jainko eta jaun asko dago benetan—, guretzat Jainkoa bat bakarra da, Aita: Beronengandik dira-eta gauza guztiak eta gu Berarentzat gara; eta bat bakarra Jauna, Jesu Kristo: beronen bidez dira-eta gauza guztiak eta gu ere beronen bidez gara.

Baina ez dabe guztiek kontu hori behar dan lez ulertzen. Batzuek, oraintsu arte idolatrian ibiliak, haragi hori egiaz sasijainkoei eskeinia balitz lez jaten dabe eta, hareen kontzientzia ondo hezi bakoa danez, errudun bihurtzen dira.

Beraz, gauzak ondo ulertzen ei dozuzan horrek galdu egingo zeunke kontzientzia hezi bakoa dauan zeure senidea, honegaitik ere Kristo hila izan arren. Senideen kontra pekatu eginez eta euren kontzientzia hezi bakoa kaltetuz, Kristoren kontra egiten dozue pekatu. Beraz, nire senideari janariren bat jatea jausbide jazoten bajako, ez dot behinere haragirik jango, neure senidea jausbidean ez jarteko.

R/ Gidatu ni, Jauna, betiko bidetik.

V/.

Jauna, Zeuk aztertzen nozu eta ezagutzen,

badakizu noiz jesartzen nazan eta noiz jagitzen.

Urrunetik sumatzen dozuz nire asmoak;

ohartzen zara noiz nabilen eta noiz natzan,

zehatz ezagutzen dozuz nire ibilbide guztiak. R/.

V/.

Zeuk eratu deustazu barrua,

amaren sabelean eiho nozu.

Eskerrak Zuri, harrigarriro egin nozulako,

miresgarriak dira zure egintzak! R/.

V/.

Oi Jainko, aztertu nagizu eta ezagutu nire bihotza,

probatu nagizu eta ezagutu nire kezkak.

Ikusi galbidetik ete nabilen,

eta gidatu ni betiko bidetik. R/.

Izan zaiteze errukiorrak zuen Aita errukiorra dan lez.

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: «Hau dinotsuet zuei, entzuleoi: Maitatu egizuez zeuen arerioak, egin on gorroto deutsueenei, bedeinkatu madarikatzen zaitueenak, egin otoitz izen ona kentzen deutsueenen alde.

Matraila batean joten zaituenari eskeini bestea ere; soingainekoa kentzen deutsunari ez ukatu jantzia ere.

Eskatzen deutsun edonori emon, eta zeurea kentzen deutsunari ez bihurtuazo. Eta besteek zuei egitea nahi dozuena, egin zuek ere besteei. Maite zaituenak bakarrik maite badozuez, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere maite dabez euren maitaleak. Eta on egiten deutsueenei bakarrik egiten badeutsezue on, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere egiten dabe beste horrenbeste. Eta ordaina hartzekotan bakarrik emoten badozue maileguz, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere aurreratu ohi deutsoe alkarri, beste hainbeste hartzekotan. Ez! Zuek maitatu arerioak, egin on eta emon maileguz, ordainari begiratu barik: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zaree, ona da-eta Bera esker txarreko eta gaiztoentzat. Izan zaiteze errukior, zuen Aita errukior dan lez.

Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaitue gaitzetsiko; ez kondenatu eta ez zaitue kondenatuko; parkatu, eta parkatuko deutsue; emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emongo deutsue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».