Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXII. Asteko Ostirala

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Jaunak agertuko ditu bihotzeko asmoak.

Senideok: Hartu gagiezala danek Kristoren zerbitzaritzat eta Jainkoaren misterioen administratzailetzat. Eta administratzaileari eskatzen jakona leiala izatea da.

Niri dagokidanez, gitxi ardura jat zuek edota edozein giza auzitegik ni epaitzea. Neuk ere ez dot epaitzen neure burua. Egia da kontzientziak ez nauala ezertan salatzen; baina horrek ez dau esan gura neure burua errubakotzat joten dodanik, Jaunak nau-eta epaitzen.

Ez dagizuela, beraz, ordua baino lehen epaitu. Itxaron Jauna etorri arte. Harek argituko dau ilunpean ezkutaturik dagoana, Harek agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta, orduan, bakoitzak merezi dauana jasoko dau Jainkoagandik.

R/ Zintzoak salbamena Jaunagandik dabe.

Izan konfiantzea Jaunagan eta egin on dana,

bizi lurraldean eta zaindu leialtasuna.

Izan bedi Jauna zure atsegina,

eta emongo deutsu zure bihotzak eskatzen dauana. R/.

Itzi Jaunaren esku zeure zoria,

izan konfiantzea Haregan, Berak jardungo dau-eta.

Goiz-argiak lez egingo dau disdira zure zuzentasunak,

eguerdiko eguzkiak lez zure zuzenbideak. R/.

Alde gaitzetik, egin on dana,

eta beti izango dozu non bizia;

zuzenbidea maite dau-eta Jaunak

eta ez ditu bere fededunak bertan behera izten.

Betiko galduko dira gaiztoak,

eta baztertuak izango hareen ondorengoak. R/.

Jaunagandik dator zintzoen salbamena,

Bera dabe babesleku arrisku-sasoian:

Jaunak lagundu eta onik ataraten ditu,

gaiztoakandik onik atara eta salbatzen,

Haregan babesten dira-eta. R/.

Etorriko da senar barria kenduko deutseen eguna; orduan, bai, egun haretan egingo dabe barau.

Aldi haretan, fariseuek eta lege-maisuek esan eutsoen Jesusi: «Joanen ikasleek sarri egiten dabe barau eta otoitz, baita fariseuen ikasleek ere; zureek, ostera, jan eta edan dihardue».

Jesusek erantzun eutsen: «Zelan nahi dozue ezteguetara deituek barau egitea, senar barria eurakaz dabela? Etorriko jake, bai, senar barria kenduko deutseen eguna; orduan, egun haretan, egingo dabe barau».

Parabola hau ere esan eutsen: «Inork ez dau jantzi barririk urratzen, zaharrari adabakia ipinteko; bestela, jantzi barria hondatu egingo litzateke, eta zaharrari ez litzakio barriaren adabakia egoki etorriko.

Ez dau inork ardo barririk ere sartzen zahagi zaharretan; ardo barriak zahagiak lehertu egingo leukez, eta ardoa isuri eta zahagiak galdu egingo litzatekez. Ardo barria zahagi barrietan sartu behar da. Ardo zaharragaz ohituta dagoanak ez dau barririk gura, "zaharra hobea dok" esaten dau-eta».