Gose eta egarri eta biluzik ibili gara.
Senideok: Ikasi egizue nigandik eta Apologandik, inor ez daiten bategaitik harrotu bestearen kontra. Nork egiten zaitu zu besteak baino gehiago? Zer daukazu hartu ez dozunik? Eta daukazuna hartuta badozu, zergaitik harrotzen zara hartuta ez bazendu lez? Asebeteak ei zagoze, aberastuak. Gure beharrizan barik errege izatera heldu ei zaree. Nahiago neuke egia balitz, gu ere zuekin batera errege izan geintezen!
Nire iritziz, Jainkoak azken tokian jarri gaitu gu, apostoluok, heriotzara kondenatuak lez; ikuskizun bihurtu gaitu mundu guztiarentzat, bai aingeruentzat eta bai gizakientzat. Gu zoroak Kristogaitik; zuek, barriz, kristau zentzundunak; gu ahulak, zuek indartsuak; zuek izen handikoak, gu gitxietsiak. Orain arte hor ibili gara goseak eta egarriak, biluzik eta matrailekoak hartuz; ez daukagu nora baturik, eta lehertzeraino egiten dogu lan geure eskuz. Irain egiten deuskue, eta guk bedeinkatu; erasoka erabilten gaitue eta guk eroan; txarto-esaka dihardue gure aurka, eta guk gozo erantzun; orain arte, munduko satsa lakoak izan gara, guztien hondakina.
Hau idaztean, ez zaituet lotsatuazo gura, ohartuazo baino, seme-alaba maite zaituedan ezkero. Izan ere, kristau lez badozue irakaslerik franko, ez ostera aitarik asko. Kristau lez, nik sortu zinduedazan Barrionaren bidez.
R/ Hurrean dago Jauna dei egiten deutsoenengandik.
V/.
Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,
leiala egintza guztietan.
Hurrean dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,
benetan dei egiten deutsoen guztiengandik. R/.
Zergaitik egiten dozue zapatuz zilegi ez dana?
Behin batean, zapatuz gari-soloetan zehar joian Jesus. Eta ikasleek galburuak moztu, eskuetan aletu eta jaten ziharduen.
Fariseu batzuek esan eutseen: «Zelan diharduzue egiten, zapatuz zilegi ez dana?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez al dozue irakurri Davidek egin ebana, bera eta beraren lagunak goseak aurkitu ziranean? Jainkoaren etxean sartu eta, Jaunari eskeiniriko ogiak hartuz, jan egin ebazan, eta bere lagunei ere emon eutsezan, legez abadeek bakarrik jan eikeezan ogiak izanik».
Eta esan eutsen: «Gizonaren Semea zapatuaren nagusi da».