Dana zuena da; zuek, ostera, Kristorenak, eta Kristo Jainkoarena.
Senideok: Ez al dakizue, Jainkoaren tenplu zareela eta Jainkoren Espiritua zuekan bizi dala? Jainkoaren tenplua hondatzen dauana, hondatu egingo dau Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua da-eta: tenplu hori zeuek zaree.
Ez begi inork bere burua engainatu. Zuetako norbaitek mundu honen arabera jakintsu dala uste badau, egin bedi zoro, benetan jakintsu izateko. Izan ere, mundu honetako jakituria zorakeria da Jainkoaren aurrean, Liburu Santuak dinoan lez: «Euren maltzurkerian harrapatzen ditu jakintsuak». Eta beste hau ere badino: «Badaki Jaunak jakintsuen asmoak hutsalak dirala».
Beraz, ez bedi inor gizakiez harrotu, dana zuena da-eta: Paulo, Apolo, Pedro, mundua, bizitza, heriotzea, oraingoa eta gerokoa; guztia zuena da. Zuek, ostera, Kristorenak zaree, eta Kristo Jainkoarena.
R/ Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana.
V/.
Jaunarena da lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.
V/.
Jaunaren mendira nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak errubako eta bihotza garbi dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.
V/.
Holakoa bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutso Jainko salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.
Danak itzi eta jarraitu egin eutsoen.
Aldi haretan, jentea gainera etorkon Jesusi, Jainkoaren berbea entzuteko; Jesus Genesaret aintzira-ertzean egoan. Txalupa bi ikusi ebazan ur-bazterrean geldi; arrantzaleek, ontzietatik jatsita, sareak garbitzen ziharduen. Igon eban txalupa hareetako batera, Simonenera, eta lehorretik apur bat aldentzeko eskatu eutsan. Gero, jesarri eta txalupatik jenteari irakasten jardun eban.
Berbaldia amaitu ebanean, esan eutsan Simoni: «Jo ur handietara eta bota sareak arrantzurako». Simonek erantzun eutsan: «Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dogu ezer harrapatu; holan ere, Zuk dinozun ezkero, botako ditut sareak». Holan egin eben eta, hainbesteko arrain-pila harrapau eben, sareak lehertzeko zorian egozan-eta. Beste txalupako lagunei keinu egin eutseen laguntzera etorteko; etorri ziran, eta txalupa biak bete ebezan, ia-ia hondoratzeraino.
Jazotakoa ikusirik, Simon Pedro Jesusen oinetara jausi zan, esanez: «Alde nigandik, Jauna, pekataria naz-eta». Izan ere, zur eta lur egozan Simon eta beragaz ziran guztiak, eginiko arrantzuagaitik, eta gauza bera jazoten jaken Simonen arrantzu-lagun ziran Zebedeoren seme Santiago eta Joani ere. Baina Jesusek esan eutsan Simoni: «Ez bildurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara».
Hareek txalupak lehorrera atara ebezan eta, dana itzirik, jarraitu egin eutsoen.