Jainkoaren lankide gara gu; zuek, barriz, Jainkoaren lur, Jainkoaren etxe.
Senideok: Nik ezin izan neutsuen berba egin Espiritua dabenei lez, heldubakoei lez baino, kristau-mailan umetxo diranei lez. Esnez hazi zinduedazan, ez janari sendoz, hau hartzeko ez zineen-eta artean gauza. Oraindino ere ez zaree gauza, giza grinen menpeko izaten jarraitzen dozue-eta. Izan ere, bekaizkeriak eta eztabaidak dozuezan bitartean, ez ete zaree giza grinen menpeko? Ez ete dozue giza irizpide hutsez jokatzen? «Ni Paulorena naz, ni Apolorena» dinozuenean, ez al zaree giza irizpide hutsez hasi? Azken batean, zer da Apolo? Eta zer Paulo? Zuek sinesmenera ekarri zaitueen Jainkoaren zerbitzari baino ez, bakotxa Jaunak emon deutsan egitekoaren arabera. Landatu, nik egin neban; ureztatu Apolok; baina hazi, Jainkoak haziazo eban. Landatzen dauana eta ureztatzen dauana ezer gitxi dira; ardurea dauana Jainkoa da, haziazoten dauana. Landatzen dauana eta ureztatzen dauana, biak bardinak dira, bakotxak bere lanaren arabera saria jasoko badau ere. Gu Jainkoaren lankideak gara; zuek, barriz, Jainkoak lantzen dauan soloa, Jainkoak eregitzen dauan etxea.
R/ Bau dohatsu, Jaunak bere oinorde hautatu dauan herria.
Zorionekoa, Jauna Jainko dauan nazinoa,
Harek bere ondaretzat aukeratu dauan herria.
Jaunak zerutik begiratzen dau,
ikusten ditu gizaki guztiak. R/.
Bere bizilekutik jarri ditu begiak
munduko biztanle guztien gainean,
Berak egin ditu-eta danen bihotzak,
eta zuhur dago hareen egintza guztiei. R/.
Guk Jaunagan dogu esperantzea,
Bera dogu laguntzaile eta babesle.
Haregan pozten da gure bihotza,
haren izen santuan dogu konfiantzea. R/.
Beste herriei ere iragarri behar deutset Jainkoaren erreinua, horretarako bialdua naz- eta.
Aldi haretan, Jesus sinagogatik urten eta Simonen etxean sartu zan. Simonen amaginarreba sukar handiaz egoan, eta haren alde zeredozer egiteko eskatu eutsoen.
Orduan, haregana makurturik, zorrotz agindu eutsan sukarrari, eta sukarrak alde egin eutsan. Bat-batean jagi eta zerbitzen hasi jaken amaginarrebea.
Eguzkia sartu zanean, gaixoak ebezan guztiek, edozein zala ere hareen gaitza, Jesusi eroaten eutsoezan, eta Harek, bakotxari eskuak ezarriz, osatu egiten ebazan.
Askogandik deabruek ere urteten eben, deadarka esanez: «Zu Jainkoaren Semea zara!» Jesusek zorrotz galazoten eutsen berba egitea, baekien-eta Mesias zala.
Eguna argitu orduko, urten eta bazter bakarti batera joan zan. Jentea haren bila ebilen eta, aurkiturik, eutsi egin nahi eutsoen, alde egin ez egian. Baina Jesusek esan eutsen: «Beste herriei ere adierazo behar deutset Jainkoaren erreinuaren Barriona, horretarako bialdu nau-eta Jainkoak».
Eta Judeako sinagogetan ibili zan Barriona iragarten.