Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXII. Asteko Asteartea

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Giza maila hutsez, gizakiak ez ditu jasoten Jainkoaren Espirituari jagokozanak; baina, espiritudun gizakiak badau edozertaz irizpidea.

Senideok: Espirituak guztia aztertzen dau, baita Jainkoaren barren-barrena ere. Nork ezagutu daike gizakiaren barrena, beraren barruan dauan giza espirituak baino? Era berean, inork ez daike Jainkoaren barrena ezagutu, Jainkoaren Espirituak izan ezik. Eta guk ez dogu munduaren espiritua hartu, Jainkoagandik datorrena baino; honan, Jainkoak emon deuskuzan dohaiak ezagutu daikeguz. Gauza honei buruz ez dogu giza jakituriak irakatsitako hizkeraz berba egiten, Espirituak irakatsitakoaz baino, Espirituaren gauzak Espiritua hartu daben gizon-emakumeei adierazoz.

Giza maila hutsez, gizakiak ez dau onartzen Jainkoaren Espirituari jagokona; ez dau zentzunik berarentzat eta ezin dau ulertu, Espirituaren argitan bakarrik aztertu daiteke-eta. Espiritua dauanak dana juzgatzen dau; bera, ostera, ez daike inork juzgatu. Izan ere, «nork ezagutu dau Jaunaren pentsaerea? Nork irakatsi daikeo?» Guk, barriz, Kristoren pentsaerea dogu.

R/ Zintzoa da Jauna bere bide guztietan.

V/.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,

hasarregatxa eta onginahiz betea.

Ona da Jauna guztientzat,

errukiz betea bere sorkari guztientzat. R/.

V/.

Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,

bedeinkatu zeure fededunek;

aitatu begie zure erregetza ospetsua,

hitz egin begie zure ahalmenaz. R/.

Badakit nor zaran: Jainkoaren Santua.

Aldi haretan, Jesus Galileako Kafarnaum urira jatsi zan, eta zapatuetan jenteari irakasten eutsan. Harriturik egoan jentea haren irakaspenaz, nagusitasunez berba egiten eban-eta.

Bazan sinagogan espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat, eta oihu bizian esan eban: «Zer dok gugaz, Jesus, nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bajakiat nor haizen: Jainkoaren Santua».

Jesusek gogor eraso eutsan: «Isildu hadi eta urten gizon horregandik!» Deabruak jendartean lurrera bota eban gizona, baina batere kalterik egin barik urten eban haregandik.

Ikaraturik gelditu ziran danak, alkarri itaunka: «Zer da hau? Nagusitasunez eta indarrez agintzen deutse espiritu gaiztoei, eta honeek urten egiten dabe».

Jesusen entzutea herrialde haretako bazter guztietara zabaldu zan.