Bilboko Elizbarrutia -- Diocesis de Bilbao
Gaur

Urtean Zeharreko XXII. Asteko Astelehena

Urtean Zehar Asteguna A zikloa II urtea
🔍 Bilatu

Jesu Kristo kurutzeratua iragarri neutsuen.

Senideok: Niri dagokidanez, Jainkoaren salbamen-asmoa iragartera joan nintxatsuenean, ez neutsuen berba egin giza jakituriazko hizkera landua erabiliz. Izan ere, zuen artean ez neban ezer jakin gura izan Jesu Kristo, eta Berau kurutzeratua, izan ezik.

Horregaitik, makal eta bildurrez dar-dar agertu nintzan zuen aurrean. Nire berbea eta predikua ez ziran giza jakituriazko argudiotan oinarritu, Espirituaren indarrean baino, holan, zuen sinesmena Jainkoaren indarrean oinarritu eitean eta ez giza jakiturian.

R/ Bai maite dodala, Jauna, zure legea!

Bai maite dodala, Jauna, zure nahia;

hausnargai dot egun osoan.

Zure aginduak arerioak baino zuhurrago nau egiten,

Neugaz dot-eta beti. R/.

Nire irakasle guztiak baino argiago naz,

zure aginduak dodaz-eta hausnartzen.

Zaharrak baino trebeago naz ulertzen,

zure legeak dodaz-eta beteten. R/.

Bide txar guztitik aldentzen ditut oinak,

zure berbea gordetzearren.

Ez naz zure erabagietatik aldentzen,

Zuk deustazu eta irakasten. R/.

Behartsuei barri ona emotera bialdu nau Jaunak. Ez da profetarik bere herrian ondo ikusia danik.

Aldi haretan, Jesus Nazaretera joan zan, Bera hazi zan herrira, eta zapatuan sinagogan sartu zan, ohi ebanez, eta zutunik jarri irakurgaia egiteko. Isaias profetearen liburua emon eutsoen eta, edegitean, pasarte hau aurkitu eban:

«Jaunaren Espiritua nire gainean dago,

Berak igurtzi nau-eta,

behartsuei barriona emoteko.

Katiguei askatasuna

eta itsuei ikusmena iragartera bialdu nau,

zapalduei askatasuna emotera,

Jaunaren grazia-urtea iragartera».

Liburua batu ondoren, laguntzaileari emon eta jesarri egin zan. Danak sinagogan begira-begira eukazan.

Bera honan hasi jaken: «Gaur bete da, orain entzun dozuen Liburu Santuko berba hau». Guztiek Jesusen alde berba egiten eben eta harriturik egozan Jainkoaren onginahiaz esaten ebazanakaitik. Baina honan inoen: «Ez al da, bada, Hau Joseren semea?»

Orduan, Jesusek esan eutsen: «Harako esaera ha gogoratuazoko deustazue, ziur: "Osagile, osatu zeure burua", eta esango: "Egizuz hemen ere, zeure herrian, Kafarnaumen egin ei dozuzan gauzak"».

Eta gehitu eban: «Hara Nik egia esan: Ez da profetarik bere herrian onartua danik. Benetan esaten deutsuet: Bazan emakume alargunik asko Israelen Eliasen sasoian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin barik egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zanean; holan ere, Jainkoak ez eutsan hareetako inori bialdu Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baino. Eta bazan legenardunik asko Israelen Eliseo profetearen sasoian; holan ere, ez zan hareetako inor osatu, Siriako Naaman baino».

Honeek entzutean, sinagogan egozan guztiak amorruz bete ziran. Eta jagirik, Jesus herritik kanpora atara eta herria eregita egoan mendiko amildegira eroan eben, handik behera botateko asmotan. Baina Jesus hareen erditik igaro eta bere bidetik joan zan.