Guk, Jesu Kristo kurutzeratua erakusten dogu, gizakientzat jauspide dana, baina deituentzat Jainkoaren jakituria.
Senideok: Kristok es ninduan bateatzera bialdu, Barriona iragartera baino eta, hau, ez giza jakituriazko berbaz, Kristoren kurutzeak bere indarra galdu ez dagian. Kristoren kurutzeko heriotzearen mezua zorakeria da galtzen diranentzat; guretzat, ostera, salbazino-bidean garanontzat, Jainkoaren indarra.
Liburu Santuak dino, izan ere:
«Hondatu egingo dot jakintsuen jakituria,
eta huts bihurtuko adituen adimena».
Zertan dira jakintsuak, ikasiak, mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ete dau zorakeria bihurtu mundu honetako jakituria? Begira, Jainkoak bere jakituria agertu ebanean, gizakiak ez ziran gauza izan euren jakituriaz Jainkoa ezagutzeko; horregaitik, Jainkoak, guk iragarten dogun zorakeriaren bidez salbau gura izan ditu fededunak.
Juduak ezaugarri eske dabilz eta jentilak jakituria bila; guk, barriz, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, juduentzat onartu ezina eta jentilentzat zorakeria dana; baina deituentzat, judu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indar eta Jainkoaren jakituria da. Izan ere Jainkoaren zorakeria gizakiak baino jakintsuagoa da-eta, eta Jainkoaren makaltasuna gizakiak baino indartsuagoa.
R/ Jaunaren graziaz beterik dago lurra.
Egin poz-oihu, zintzoak, Jaunari,
zuzenei dagokie, izan ere, Ha gorestea.
Ospatu Jauna zitaraz,
jo Harentzat hamar hariko harpea. R/.
Zuzena da-eta Jaunaren berbea,
fidagarria Harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea ditu maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra beteta. R/.
Ezerreztu egiten ditu Jaunak nazinoen asmoak,
huts bihurtzen herrien burubideak.
Jaunaren asmoak, barriz, betiko dirau,
haren burubideek gizaldiz gizaldi. R/.
Badator senargaia, urten egiozue bidera.
Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen ikasleei: «Zeruetako erreinuagaz, euren kriseiluak eskuetan hartu eta senar ezkonbarriari bidera urten eutsoen hamar neskatilakin lez jazoten da. Neskatiletako bost zentzunbakoak ziran eta bost zentzundunak. Kriseiluak hartzean, zentzunbakoek ez eben oriorik hartu; zentzundunek, ostera, kriseiluekin batera orioa ere hartu eben ontzietan. Senarrak luzatzen ebanez, loguratu egin ziran danak eta loak hartu ebazan.
Gauerdian oihu bat entzun zan: "Badator senargaia; urten egiozue bidera!" Jagi ziran neskatila guztiak, eta euren kriseiluak prestau ebezan. Orduan, zentzunbakoek esan eutseen zentzundunei: "Emoiguzue orio apur bat, kriseiluak amatetan joakuz-eta". Zentzundunek erantzun eutseen: "Ea ez dogun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe dozue, badaezpada, dendara joan eta erosi".
Baina, erostera joan zirala, senarra heldu zan, eta prest ziranak ezteguetara sartu ziran haregaz. Eta atea itxi egin zan.
Heldu ziran, azkenik, beste neskatilak ere eta dei egin eben: Jauna, Jauna, edegi! Baina harek erantzun eutsen: Benetan dinotsuet, ez dakit nortzuk zareen.
Egon, beraz, zuhur, ez dakizue-eta, ez eguna, ez ordua».